NHBBZren ekintza esparrua Nafarroako Foru Komunitate osora zabaltzen da, eta bere eginkizunak funts publikoekin lagundutako Haur Hezkuntzako, Haur eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko zentroetan gauzatzen ditu.
Nafarroako Foru Komunitatean ikastetxeentzako laguntza baliabideak hiru azpisistematan antolatzen dira: arrunta, sektoriala eta probintziala. Horiek espezializazio maila desberdinei erantzuten diete. Azpisistema probintziala NHBBZri dagokio, espezializazio maila handiagoko egitura baita.
Baliabide zentroa hiru funtzio eremutan antolatuta dago, eta normalizazio eta gizarteratze printzipioetatik abiatuta aniztasunari (zentzurik zabalenean) eskainitako arreta hobetzeko beharrezko egokitzapenak egiten ditu.
Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroa (NHBBZ) Hezkuntza Departamentuaren menpeko erakunde bat da. Foru Dekretu bidez eratu zen 1993an. Hezkuntza sistemaren laguntza egitura espezializatu gisa sortu zen, eta berariazko hezkuntza premiei lotutako guztia antolatu eta koordinatzen du, ikasleak hezkuntza sisteman hobeto integratzen laguntzeko.
Normalizazio eta gizarteratzearen hezkuntza printzipioekiko koherentzia mantenduta, erakunde horren esku-hartze espezializatu eta ezohikoa hezkuntza komunitateko kide guztiei zuzenduta dago (irakasle, ikasle eta familiak), eta «osagarritasun» eta «subsidiariotasun» irizpideen arabera bideratzen da; halaber, zentroaren ekintzek, kasu guztietan, prestakuntzakoak izan behar dute eta baliabide arrunten autonomia indartu behar dute.
- Hezkuntza premia berezien arretarako arloak hezkuntza komunitatearen eskakizunak aztertu eta bideratu behar ditu, baita hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzendutako prestakuntza, materialen hedapena eta hezkuntza baliabideak sustatu ere. Era berean, eskola ibilbidean zehar familia eta irakasleentzako gida eta laguntza lanak egingo ditu. Honako lantalde hauek ditu: Psikikoen Taldea, Ikusmen Taldea, Entzumen Taldea, Jokabidearen eta Gaitasun Handien Taldea eta Mugimen Taldea
- Hezkuntza premia berariazkoen arretarako arloa bestelako hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei ikastetxeek eman beharreko hezkuntza arloko erantzunei buruzko aholkuak emateaz eta haiekin elkarlanean aritzeaz arduratuko da eta hiru lantalde ditu: Arreta Goiztiarreko Taldea, Sartze Berantiarreko Taldea, Gizarte Egoera Ahulean daudenen Baldintzatzaile Sozialen eta Ahozko Hizkuntzarako eta Ikasteko Zailtasunen Taldea eta Ospitaleko Taldea.
-
- Kudeaketaren, informazioaren eta baliabideen arloak aholkularitza funtzio osagarriak beteko ditu, baliabide sozialei, liburutegiari, teknologia berriei, laneratzeari eta etxez etxeko zerbitzuei dagokienez. Bost lantalde ditu: Komunitaterako Zerbitzuak, Informazio eta Laneratze Unitatea, Dokumentazio eta Bibliografia Unitateak, Teknologia Berrien Taldea eta Etxez Etxeko Taldea.
Arlo bakoitza lantalde espezifikoetan antolatuko da eta horietako bakoitza hainbat profiletako profesionalek osatuko dute. Diziplinarteko proiektu zehatzak gauzatzeko, hainbat arlotako profesionalak biltzen dituzten lantaldeak eratzen ahalko dira.