Alumnado con discapacidad visual
ALBERTI, M. y ROMERO, L. (2010). Barcelona. Graó.
Liburu hau Escuela Inclusiva bildumako ale bat da, eta aniztasunari eta eskolan aniztasuna kudeatzeko moduari buruzkoa da. Ikasleei ikuspegi inklusibo batetik erantzun egokiak eman nahi dizkieten irakasleei laguntza ematea da asmoa; horretarako, elkarren arteko desberdintasunak hartzen dira kontuan, inor etiketatu eta sailkatu gabe bakoitzaren trebetasun eta errendimendua errespetatuz.
Aipatutako ikuspegi horretatik, liburuak irakasleari tresnak eman nahi dizkio ikasle horiekin lanean ari dela aurrez aurre dituen alderdi konkretuei erantzuteko: nola ikusten du ikusteko desgaitasuna duen ikasle batek? Nola hauteman desgaitasun hori? Nola ebaluatu? Nola ikasten du ikasle horrek? Nola ematen ahal diogu hezkuntza erantzun egoki bat? … Aldi berean, hainbat tresna eta baliabide aurkezten zaizkigu ikasgelako ikasle horiekin lan egiteko.
Gainera, hausnarketa bat egiten da, batetik, ikusteko desgaitasunak ikasleen ikaskuntzan eragiten ahal dituen problemei eta inplikazioei buruz eta, bestetik irakasleek horiei ematen ahal dizkieten erantzunei buruz
Discapacidad visual y autonomía personal. Enfoque práctico de la rehabilitación.
ORTIZ ORTIZ, P. y MATEY GARCÍA, M.A. (Coor.) (2011). Madrid. ONCE.
ONCEko profesionalek idatzitako eskuliburua da. Hainbat urtetan errehabilitazio zerbitzuen erabiltzaileekin egindako eguneroko lanetik eskuratu duten prestakuntza eta esperientzia jasotzen da liburuan.
Lau zatitan banatuta dago: lehenbizikoan, zenbait sarrera-alderdi lantzen dira, oinarrizkoak direnak ulertzeko zer esan nahi duen ikusteko desgaitasunak, zer garrantzi duen errehabilitazioak eta zer oinarrik sustengatzen duen. Bigarrenean, berriz, beharrak ebaluatzen dira, sakonki, eta behar horiei erantzunen dien programa bat proposatzen da. Hirugarrena oso praktikoa da, eta eguneroko jardueretan ikusmenaren funtzionamendua entrenatzeko estrategiak biltzen ditu. Azkena zehatzagoa da, eta gorrak eta itsuak diren pertsonekin nola lan egin lantzen du.
Discapacidad visual y destrezas manipulativas.
COLLADO RUBALYO, S. DÍEZ GONZÁLEZ , I. y otros. ( 2007) Madrid. ONCE.
Liburu honetan, idazleek plastikako eremuan ikusmen desgaitasuna duten ikasleekin bizitako esperientzia jasotzen dute, espezialista gisa.
Gida didaktiko horretan, informazioa eta orientazioa ematen da ingurua behar bezala esploratzeko eta egoki ezagutzeko manipulatze trebetasunek nola funtzionatzen duten eta nola garatzen diren ulertzeko.
Ikasle horien ikaskuntzan ukimena garatzeak zer-nolako garrantzia duen azaldu ondoren, garapen hori lortzeko egokiak izaten ahal diren jarduera eta ekintza batzuk proposatzen dira, baita ukimen ahalmen ona eta manipulatze trebetasuna lortzeko hainbat ideia, estrategia eta baliabide ere.
Discapacidad visual y técnicas de estudio
FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ , M.; LLOPIS ABAD , N. y otros. (2006). Madrid. ONCE.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle itsuei edo ikusteko desgaitasun larria duten ikasleei laguntza ematea da gida honen asmoa, ikusten duten ikaskideek duten egiteko moduaren alternatiba gisa. Lehen Hezkuntzako irakasleentzat ere izaten ahal da erreferentzia, bereziki azken ziklokoentzat, ikusteko arazoak dituen ikaslearen estrategiak aurreikusten ahalko baititu. Gida honetan, proposamen batzuk biltzen dira ikasleei ikasgelako zereginei aurre egiten eta aurkezpen forma desberdinetako testuak kudeatzen laguntzeko.
La educación plástica de los alumnos con discapacidad visual.
POVEDA REDONDO, L. (2003). Madrid. ONCE.
Liburu honek itsutasuna eta ikusteko desgaitasuna duten ikasleei plastika irakasteko teknikak eta prozedurak biltzen ditu katalogo labur batean.
Nagusiki, ikusteko desgaitasuna duten ikasleen irakasleentzat egina dago, eta ikasgelan didaktikoki erabilgarria izatea da asmoa. Liburuaren edukiak idazlearen lan profesionaleko esperientziaren emaitzak dira.
Ikasleak, plastikaren bitartez, arte adierazpenak hautemateko eta emozio nahiz sentimendu estetikoak adierazteko gaitasunak garatzea nahi da.
PVFNC Prueba de valoración de la Visión Funcional para personas que No Colaboran con el examinador.
RUF URBEA, A. y TORRENTS LLISTUELLA, T. (2008). Madrid. ONCE.
Ikusteko desgaitasuna duten eta ikusmenari lotutako nahasmenduak dituzten haurrei arreta ematen dieten profesionalei ebaluazio tresna batzuk eskaintzen zaizkio liburu honetan; izan ere, ohiko ebaluazio prozedurak ez dira baliagarri kolektibo horrentzat, eta liburu honek ikusteko arazoak dituztenengana gehixeago gerturatzen ditu irakasleak.
Behatuko diren ikasleen kasuistika berezia denez, ebaluatzaileak gai izan behar du subjektuak ikusmen estimulu jakin batzuk direla-eta bidaltzen dituen seinaleak irakurtzeko. Pertsona ebaluatuarekiko errespetu pertsonala eta zorroztasun profesionala izan behar du, eta pertsona horren gaitasunak nabarmendu behar ditu, ez falta zaizkion gaitasunak.
Proba ez da helburu bat, banakako programak aplikatuz garapena sustatzeko bitarteko bat baizik.
Retinosis pigmentarias: Preguntas y Respuestas.
FERNÁNDEZ E., (2007) Elche. ONCE.
Liburu honek gaixotasunaren ezaugarri esanguratsuenak aurkezten ditu eta gaixoei eta haien senideei sortzen ahal zaizkien galderei erantzuten die. Dibulgaziozko testu bat da, eta endekapenezko gaixotasun horri buruzko hainbat ezagutza eguneratu jasotzen du. Honako alderdi hauek lantzen ditu: – Definizioa eta klinika – Kausak – Diagnostikoa – Erretinosiarekin erlazionatzen ahal diren gaixotasunen tratamendua. Gaixotasunak eragindakoen elkarteei buruzko informazioa ere eskaintzen du, baita intereseko webguneak ere. Ez da adituentzako lan bat. Modu argian eta ulergarrian dago idatzita eta, horregatik, irakurterraza da. Ez die erreferentzia egiten erretinosia duen ikasle baten hezkuntza beharrei.
Construir juntos espacios de esperanza.
GARCÍA –TREVIJANO PATRÓN C., y otros. (2008) Madrid. ONCE.
Liburu hau ikusteko desgaitasuna duten haurrei arreta goiztiarra ematen dieten profesionalentzat da. Haurren bizitzako lehen hiru urteetako etapan zentratzen da. Ikusteko desgaitasuna duten haurren kasu zehatzak planteatzen ditu liburuak, eta hainbat esperientziaren hausnarketatan eta alderaketatan oinarrituta, esku hartzeko zenbait jarraibide eta orientazio proposatzen ditu. Planteatzen den kasu bakoitzetik zein litzatekeen esku hartze egokiena ondorioztatzen da. Dena den, ez espero mirarizko errezetarik edota soluzio bakarra lortzerik; jarduteko modu asko daudela eta denak direla baliozkoak transmititu nahi du liburuak. Azpimarratzekoa da liburuak zer-nolako garrantzia eta adierazgarritasuna aitortzen dien familiei. Liburuak hiru eranskin oso interesgarri eta ulertzeko errez dakartza. Euskarri elektronikoan aurkezten da.
Guía para deficientes visuales. Aniridia. Regina, una luz de esperanza.
ARCOS BOUCHEZ Y., (2007) México D.F.
Aniridia duen neskatila baten amak idatzitako liburu bat da, eta bi alderdi islatzen dira argi eta garbi:
1.- Behar bereziak dituen alaba baten jaiotza dela-eta sentimenduak positiboki kanporatzeko beharra.
2.- Aniridiari buruzko zenbait informazio tekniko ematea. Kapituluetan zehar, haur arrunt baten eta aniridiadun neskatilaren garapenak ageri dira. Aniridiadun neskatila baten egunerokoa dela esaten ahal dugu, jaiotzen denetik lau urtera arte. Interes profesional handieneko kapituluen artean, honako hau aipatzen ahal ditugu: “Ikusteko arazo larriak edo itsutasuna dituzten haurrentzako eguneroko estimulazio terapia”. Nire ustez, liburuak sentimentaltasun handiegia du.
Guía de aplicación de la Escala Leonhardt para niños ciegos de 0 a 2 años.
LEONHARDT M. y FONS SANTACANA M. (2007).
Liburu hau Leonhardt eskala aplikatzeko tresna lagungarri gisa idatzi da. Ikusten duten haurrekiko desberdinak diren haur itsuen eboluzio urratsak agertzen dizkigu. Eskala eratzen duten itemak itsutasuna duten haurren eboluzio jarreren behaketan eta zuzeneko azterketan oinarrituta daude. I. eranskinak, hain zuzen ere, liburuak landutako eboluzio eremuak osatzen dituzten itemetako bakoitzaren deskribapen zehatza egiten du. II. eranskinean, berriz, garapenaren eskala ikusten ahal da, grafikoki. Liburuak CD bat ere badakar, ordenagailuan ere irakurri ahal izateko. Baita DVD bat ere, 11 eta 20 hilabeteko bi haur itsuren garapen sekuentziekin.
Niños y niñas con baja visión. Recomendaciones para la familia y la escuela.
BUENO MARTÍN M. y otros. (1999). Málaga. Aljibe.
Oso liburu erabilgarria da ikusteko desgaitasuna duten pertsonekin lotura duten familientzat eta profesionalentzat. Hainbat gai lantzen ditu, adibidez: ikusmenaren funtzionamendua, ikusmen urritasuna, ikusmen sistemaren ezaugarriak, sisteman egoten ahal diren asaldurak eta ikusteko desgaitasunaren inplikazioak, bai jokaeran bai hezkuntza beharretan. Zenbait teknika, estrategia eta baliabide konpentsatzaile azaltzen ditu, hala nola balorazio funtzionala, ikusmenaren estimulazioa, zentzumen askoren estimulazioa, eta orientazioa eta mugikortasuna. Horiez gain, hezkuntzako esku hartze proposamen bat aurkezten du, metodologiak eta eskola antolaketak iradokiz.
Niños y niñas con ceguera: Recomendaciones para la familia y la escuela.
BUENO MARTÍN M. y otros. (2000). Málaga. Aljibe.
Liburu hau itsutasuna duten haur eta gazteen familientzat eta haien hezkuntzarekin lotutako profesionalentzat erabilgarria da. Tintan dagoen testuaren irakurketa eta idazketa funtzionalerako adina ikusmen ez duten pertsonen hezkuntzan esku hartzeko zenbait gogoeta aurkezten ditu.
Lau bloke tematikotan antolatuta dago edukia: batetik, itsutasunaren definizioa, ikusteko desgaitasun larriaren testuinguruan, eta pertzepzio antolaketaren alderdiak eta haur itsuen garapena; bigarrenik, berariazko curriculum eremuen kontu metodologikoak (zentzumen askoren estimulazioa, orientazioa eta mugikortasuna, eguneroko trebetasunak eta trebetasun sozialak); hirugarrenik, curriculumean sartu ahal izateko baliabideak (braille sistema, teknologia, tresna eta material espezifiko eta egokituak); eta, laugarrenik, eskola integratuaren eremuan itsutasuna duten pertsonekin lan egiten duten eragile desberdinentzako esku hartze proposamen bat, jarduketa gomendio eta iradokizunekin.
Azkenik, bibliografia gomendagarri bat jasotzen da itsutasunaren ikerketan eta horri lotutako hezkuntzako esku-hartzean sakontzen jarraitzeko interesa duten pertsonentzat.
Psicología de la ceguera y deficiencia visual.
CHECA BENITO J. (2000). Valencia. Promolibro.
Lan oso landua da, itsuekin eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonekin hezkuntza jarduketan kontuan hartu beharreko alderdiak aztertzen dituena: ebaluazioa, esku hartzea eta baliabideak.
Ebaluazioak ikusteko desgaitasunaren eremu espezifiko guztiak jorratzen ditu, baita tresna eta teknika nagusiak deskribatu ere. Atal hori aplikazio praktikoaren ikuspegitik landua dago. Liburuak aipatzen duen esku hartzeak, hain zuzen ere, curriculumaren banakako egokitzapenetan, familiaren testuinguruan eta hezkuntza etapetan jartzen du arreta.
Atal horretan, esku hartzearen nolakotasuna deskribatzen da, hezkuntza etapa guztietan, Lehen Hezkuntzako lehen ziklotik helduen hezkuntzara arte.
Ikasle itsuekin edo ikusmen urritasuna duten ikasleekin egin beharreko berariazko programak eta egokitzapenak aztertzen ditu, zenbait eskola eremutan.
Ikasgelan kontuan hartu beharreko metodologia estrategia asko azaltzen dira, baita eremu bakoitzean erabiltzen ahal diren curriculum material arruntak eta egokituak ere.
Baliabideen atalean, pertsona itsu batek edo ikusmen urriko pertsona batek erabiltzen ahal dituen zerbitzuen sare osoa aztertzen da, bai administrazio publikokoak bai pribatukoak.
Lectura y Libros para alumnos con necesidades especiales.
COMES NOLLA, G. (2003). Barcelona, CEAC.
Hezkuntza zailtasunak dituzten ikasleei eskainitako liburuek eta materialek aurreikusi beharreko baldintzak jasotzen ditu liburu honek. Ikasleek irakurketari eta inprimatutako materialekin duten harremanari ahalik eta etekin handiena ateratzea da helburua. Behar bereziak dituzten ikasleen ezaugarrien deskribapen labur bat egin ondoren, honako hauentzat egindako liburuen nolakotasunak aztertzen ditu: – ikasle itsuak eta ikusmen urrikoak – ikasle gorrak – ikasle gor-itsuak – adimen atzeratasun arina eta gaitasun intelektual mugatua duten ikasleak – gutxiengo etnikoetako ikasleak – aparteko talentua duten ikasleak. Merkatuan dauden liburuak ere aztertzen ditu, eta ulertzea errazten duten ilustrazioak ere erabiltzen ditu. Gurasoentzat nahiz irakasleentzat liburu egokia da, ikasleentzako liburu egokiak aukeratzen laguntzen baitu, bakoitzaren desgaitasunaren arabera.
Me ve con el corazón.
GÓMEZ MESONERO, A. (2002). Valls, Cossetania.
Idazleak, lan honetan azaltzen du bere semea itsua dela jakiten duenean nola egiten dion albisteari aurre, bere sentimenduak, etorkizunean pentsatzean sortzen zaizkion beldurrak… Halaber azaltzen du idazleak eta haren emazteak, semea beste edozein haurren gisan hazten ikusi nahi izateagatik, nola egin dioten hainbat egoerari aurre, ikusteko modua baitu desberdin egiten duen ezaugarri bakarra. Beste haur guztien aukera berak aldarrikatzen dituen haurra. Bizitzako hainbat eremutan semeak izandako garapena azaltzen du: haurtzaindegian, ikastetxean, musika eskolan…Nola ikasi duen haur izaten eta gainerakoekin harremanak izaten, alegia. Ikusteko desgaitasuna duten haurren eboluzionatzeko aukerak ulertzen laguntzeko tresnak eskaintzen dizkigu liburu honek. Ikusteko desgaitasuna duten haurren gurasoentzat eta haiekin lan egiten duten gurasoentzat gomendagarria da.
En los zapatos de los niños ciegos.
LUCERGA REVUELTA, R. (2004). Madrid, ONCE.
Liburu hau itsutasuna edo ikusmen urritasun larria duten haurren gurasoentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat dago idatzia. Liburua ikusteko desgaitasuna duten 0 eta 3 urte arteko haurren garapenari buruzko gida bat da.
Beraz, erabilgarri izaten ahal da desgaitasun askoko edo itsutasun edo ikusmen urriko ikasleekin, zehazki, hiru urte baino gutxiagoko haurrekin, lan egiten duten hezkuntza bereziko zentro espezifikoetako profesionalentzat. Adin tarteka dago egituratuta, sei hilabeteka, eta horietako tarte bakoitzean honako eremu hauen garapena lantzen da: komunikazioa, kognizioa, manipulazioa, motrizitate larria eta autonomia ohiturak. Liburu osoan, haur horiekiko eta haien ezaugarri bereziekiko errespetua nabari da. Elkarreragin positiboaren alde agertzen dira, eta lan giro lasai eta eroso bat sortzea defendatzen dute. Nabari da liburua praktikan eta eguneroko lanean oinarrituta idatzi dela. Helburu gehienak argazkiekin ilustratuta daude, eta lagungarria eta atsegina da hori, irakurtzean.
Puentes invisibles.
LUCERGA REVUELTA, R. (2003). Madrid, ONCE.
Ikusteko desgaitasuna duten haurren emozioen garapenari buruzko testua da. Liburuak posizio teoriko bat aurkezten du, eguneroko praktikarekin kontrastatua. Ez da, bereziki, arreta goiztiarrean espezializatutako adituentzat idatzitako liburua; ikusteko desgaitasuna duten ikasleekin lan egiten duten pertsonentzako funtsezko gakoak eskaintzen ditu, eta haurren osasun mentalean interesa duten pertsonentzat ere pentsatua dago. Liburuak, batetik, haur itsuen eta gurasoen arteko harremanak behar adineko irmotasunez ez finkatzea eragiten ahal duten faktoreak lantzen ditu, eta, bestetik, seme-alaben eta gurasoen arteko “zubi ikusezinak” eraikitzeko prozesuan dauden momentu kritikoak identifikatzen ditu.
Guía didáctica para la lectoescritura braille.
MARTÍNEZ LIÉBANA, I. (2004). Madrid. ONCE.
Liburu honetan, braille irakurtzen irakasteko alderdi adierazgarrienak eta azpimarragarrienak lantzen dira, modu sinple, didaktiko eta zorrotzean. Ikusteko desgaitasuna duen ikaslearen hezkuntzan eta prestakuntzan parte hartzen duten guztien lanerako eta kontsultarako tresnak eskaintzen ditu gida praktiko honek.
Aproximación al tratamiento educativo de la baja visión.
LÓPEZ JUSTICIA M.D. (2002). Granada. Adhara. E
Zazpi kapitulutan, ikusmen urritasuna zer den aztertzen da, eta, horretarako, kategoria horren esanahiaren informazio argia emateaz gain, problematika horren tratamendurako ikuspegi desberdinak ere azaltzen dira.
Testu laburra da, oso didaktikoa eta ondo antolatua, eta ikusmen urritasuna duten ikasleekiko esku hartzean esperientzia duten irakasleentzat nahiz ikusteko desgaitasuna duen seme-alabaren bat duten gurasoentzat idatzia dago, bereziki.
El bebé ciego. Primera atención. Un enfoque psicopedagógico.
MERCÈ LEÓNHART. (1992). Barcelona. Masson-Once. 1992.
Idazleak, haur itsuekin izandako zuzeneko esku hartzean oinarrituta, 0 eta 2 urte arteko haur itsuaren eboluzioaren ikerketa zehatza eta sakona egiten du, eta haren praktikatik jasotako hainbat eta hainbat adibide erabiltzen ditu. Kasu praktiko horiei esker, liburua irakurterrazagoa da.
Gainera, liburuan zehar, hainbat gai lantzen ditu, hala nola itsutasunaren kausak, itsutasunak eragiten dituen gabeziak, izaerarekin lotutako alderdiak, soziabilitatea, elkarreraginezko jarrerak eta komunikazioa. Dena den, familiaren funtzioari garrantzia berezia ematen dio, haurraren aurrerapen egokirako funtsezko faktoretzat baitu.
Haurrari itsutasunak eragindako asaldurak hautemateko eta prebenitzeko arreta goiztiarrak duen garrantzia erabakigarria nabarmentzen du. Haur horiekin lan egiteko metodologia bat ere aurkezten da; ardatz nagusitzat familia du metodologia horrek eta seme edo alabaren beharrak eta aukerak progresiboki azalarazten ditu. Hala, gurasoak psikologikoki beren buruengan segurtasun handiagoa sentitzen dute, eta horrek seme edo alabaren garapenean eragiten du, eta eboluzioa harmoniatsuagoa izaten da.
Azken kapitulua, berriz, ikusmen urritasunari buruzkoa da. Aurreko eskemari jarraikiz, ikusmena duten 0 eta 2 urte arteko haurren ikusteko ahalmenaren garapenaren eskala bat deskribatzen da, eta arreta goiztiarrari buruz ere mintzo da.
Liburua, labur esanda, adin txikienetako haur itsuei buruzko sintesi bat da, eta oso erabilgarria da profesional guztientzat: pediatrak, oftalmologoak, irakasleak, gurasoak…
¿Cómo leen los niños con ceguera y baja visión?
RODRIGUEZ FUENTES, A. (2005).Málaga. Algibe.
Liburu hau, hain zuzen ere, ikusteko desgaitasuna dutenen irakurtzeko ahalmena ezagutzeko eta optimizatzeko interesa duten irakasleentzat, gurasoentzat eta beste interesatu guztientzat idatzia dago. Ikusteko desgaitasunari lotutako kontzeptuak, taxonomiak eta gaixotasun nagusiak jorratzen ditu. Baina, liburuan berrikuntzatzat jotzen ahal da zehaztasunez aztertzen dituela ikusmen urritasuna edota itsutasuna duten ikasleen irakurketa ahalmena eta horren aurreko zailtasun eta mugak. Horrez gain, ikusmen urritasuna duten ikasleek erabiltzen ahal dituzten irakurtzeko estrategiak aipatzen ditu, ikaslearen gaixotasun motaren arabera, ikusten duten apur hori optimiza dezaten
Aspectos evolutivos y educativos de la deficiencia visual. VVAA (2000). Madrid. ONCE.
- LIBURUKIA: Eskuliburu honetan, ikusteko desgaitasuna lantzen duten teknikarien esperientzia profesionala islatzen da, modu praktikoan, era argi, didaktiko eta tekniko batean. Honako gai hauek jorratzen dira, bost kapitulutan: ikusmen pertzepzioa eta itsutasuna, haur itsuaren garapen psikologikoa, arreta goiztiarra, ebaluazio psikopedagogikoa, eta itsutasuna eta ikusteko desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza beharrak.
- LIBURUKIA: Gida edo eskuliburu praktiko honetan, honako gai erabakigarri hauek lantzen dira: egokitzapenak curriculum arlo orokor eta berariazkoetan, gor-itsutasuna eta esku hartze psikopedagogikoa, hezkuntza integrazioa, baliabide materialak eta egokitzapen espezifikoak, hezkuntza eta teknologia berriak, eta hezkuntza etapa bereiziak.
Eskuliburu oso erabilgarria da itsutasuna eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonekin hezkuntza jarduera edo jarduera psikopedagogikoa garatzen duten ikasleentzat eta irakasleentzat.