-
Lankidetza hitzarmena
Hezkuntza Departamentuak, ikusteko desgaitasuna duten haurren familiek sustatutako ekimenari erantzuna emateko, Ikusmen Urritasuneko Taldea sortu zuen, haur horiek Komunitate honetako zentroetan ikasketa arautuak egin ahal izateko beste komunitate batzuetara lekualdatu behar izanik gabe. Momentu hartan, taldeko teknikari guztiak Nafarroako Gobernuko kide ziren. Taldea 1984./1985. urtean sortu zen, Eskola Integraziorako Programarekin batera. Gerora, ONCEko profesionalak batu ziren taldera.
1994./1995. ikasturtean, jarduketa horiek arautu ziren instituzioen artean, eta Hezkuntza Departamentuaren eta ONCEren arteko lankidetzarako lehen hitzarmena sinatu zen, Nafarroako Foru Komunitatean ikasle horienganako arreta bermatzeko, modu bateratuan.
Hitzarmen haren bitartez, eta bertan behera gelditu zirenak ordezkatu zituzten hitzarmenen bidez, honako helburu hauekbetetzea lortu nahi da:
- Arreta espezializatua ematea: desgaitasuna hautematen den unetik bertatik, ebaluazioa, orientazioa eta hezkuntza babesa ematea itsutasuna edo ikusteko desgaitasuna duten ikasleei, baita haien familiari eta ikastetxeei ere, unibertsitate aurreko hezkuntza etapa eta maila guztietan.
- Itsutasuna edo ikusteko desgaitasuna duen ikasleari hezkuntza arreta –bai orokorra bai berariazkoa– bermatuko dioten baterako jarduerak garatzeko aukera ematea.
- Hezkuntza zerbitzuak eta haien osagarriak (gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuak…) koordinatzea, itsutasuna eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonen hezkuntza arretarako baldintza hoberenak bermatzeko Nafarroako Foru Komunitatean.
- Bi instituzioetako baliabideak antolatzea eta errentagarri egitea, helburu horiek betetzeko.
- Itsutasuna edo ikusteko desgaitasuna duten ikasleen balorazio-, eskolaratze- eta arreta-irizpideak ezartzea (Nafarroako Foru Komunitatearen araudian jasoak).
- Itsutasuna edo ikusteko desgaitasuna duten ikasleei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntza sustatzea eta erraztea.
- Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko Ikusmen Urritasuneko Taldearen funtzionaltasuna garatzea; taldea kolektibo horren arreta espezifikoaren alde lan egiten duten bi instituzioetako profesionalez osatuta dago.
-
Hitzarmenaren jarraipenerako batzordeak
Sinatutako hitzarmena zehazteko, jarraipena egiteko eta helburuak betetzen direla ikusteko, hainbat batzorde eratu dira, eta urtero elkartzen dira programatutako denbora tarte jakinei jarraikiz.
- Zuzendaritza batzordea:Hezkuntza Departamentuko bi ordezkarik eta ONCEk hautatutako beste bi ordezkarik osatzen dute.
- Batzorde teknikoa:Instituzio bakoitzeko bi ordezkariz osatuta dago, eta zuzendaritza batzordeak izendatzen ditu. Gutxienez ere, hiru hilean behin batzen da.
-
Koordinazioak ONCErekin
Ikusmen Urritasuneko Taldearen funtzionaltasuna bermatzeko, koordinazio bilkurak ezarri dira ONCEko profesionalen eta Nafarroako Gobernuko profesionalen artean. Honako koordinazio hauek ezarri dira:
- Hiru bilkura ikasturte bakoitzaren hasieran, Taldearen urteko lanen programa egiteko.
- Koordinazio teknikorako bilkura bat hilean, baterako esku hartze programak ezartzeko.
- Hiru bilkura ikasturtea bukatzean, memoria idazteko.