Ez da ahaztu behar portaera arazo bakoitzak izaera berezia duela eta, portaera arazoak anitzak eta askotarikoak izanik, zaila dela kasu guztietan jarduteko balio duen ereduzko programa bat ezartzea. Zailtasun hori onarturik, jokabidearen esparruan esku hartze espezifikoagoak prestatzeko balio duten hezkuntza proposamen, iradokizun eta ildoak aipatzen dira atal honetan.
Nolanahi ere, dokumentu honetan adierazitakoak ez dira hartu behar bere horretan erabiltzeko eredutzat; aitzitik, kasuan kasuko eskola testuinguruaren berezitasun, behar eta aukerei egokitutako eredu propioak diseinatzera bultzatzeko esperientzia gisa hartu behar dira.
1. PORTAERAREN EREMUAN ESKU HARTZEA:
Jokabidearen ebaluazioari esker zehaztu ahalko dugu zein diren jokabide arazotsuak, eta zein izan daitezkeen horiek iraunarazten dituzten aldagaiak. Jokabide desdoituak erregulatzeko esku hartzerakoan, ezinbestekoa da aurretik horien artean aukeraketa egin eta lehentasunak zehaztea, eta norabide horretara bideratzea arreta eta ahalegina.
Jokabidea aldatzeko plan bat prestatzeak berekin dakar aldez aurretik identifikatzea aldatu beharreko jokabideak, horiek behatzea eta erregistratzea, eta nahi dena (jokabideak aldatzea, bukatzea edota mantentzea) lortzeko teknika edo prozedurak programatzea. Prozesuaren une horretan kontuan izan behar da:
- Xedea zein den: jokabide edo trebetasun bat ezartzea, handitzea, gutxitzea edo deuseztatzea.
- Ikaslearen ezaugarriak eta esku hartuko den ingurunearen ezaugarriak. Horregatik, jokabide arazotsua agertu den eskola testuingurua aztertu behar da.
- Helburu lortzen errazak eta berehalakoak ezartzea, ahal den neurrian.
Esan behar da dokumentu honetan azaltzen diren tekniketako bat bera ere ez dela bera bakarrik aplikatzekoa. Izan ere, programa eraginkorra izan dadin, hainbat teknika konbinatu behar dira neurri egokian. Aplikazio hori ez da bere soilean egin behar, eta beti osatuko dira estrategia eta neurri akademiko-curriculumeko, afektibo-emozional eta sozialekin.
1.1 Esku hartzearen helburuak zehaztea:
- Lehentasun irizpide errealistak aplikatuz eta
- Erabakiz zein jokabide gutxitu nahi diren, eta zein ezarri edo areagotu.
1.2 Hori lortzeko zer egin daitekeen aztertzea
Bai nahi ez diren jokabideak ekiditen dituzten edo agertzeko aukera murrizten duten planteamenduen bidez, jokabide horiekin bateragarriak ez diren edo haien ordezkoak diren mekanismoak erabiliz, bai esku hartzeko gomendagarriak diren eta honako hauen inguruan antola daitezkeen prozedura eta ildoen bidez:
- Teknika eragingarriak:Moldatzea, kateatzea, tasa apaleko indartze diferentziala, jokabide alternatiboen edo bateraezinen indartze diferentziala, Premack-en printzipioa, deuseztatzea, erantzunaren kostua, denbora kanpoan, neurriz gaineko zuzenketa, gertakizunen antolaketa.
- Behaketa bidez ikasteko teknika:Moldaketa, trebetasun sozialak entrenatzea, entrenamendu asertiboa, autobehaketa eta autoerregistroa, autokontrol emozionala, erlaxazioan entrenatzea.
- Prozedura kognitiboak:Norberarentzako jarraibideak, emozioen berregituraketa kognitiboa, gatazken konponketa, ondorioen analisia, metodoak urratsez urrats.
1.3 Behar den guztia kontuan hartu den aztertzea:
1.4 Hartutako erabakiak aplikatzea, honako hauek kontuan hartuta:
- Jokabide moldakaitzak berriz agertu ahal izatea, eta hasierako erreaktibotasun negatiboa.
- Tarteko lorpen mailak ezarri beharra.
- Jarraitu beharreko prozesuaren koordinazioa eta sistematizazioa.
1.5 Zerbaitek ez badu funtzionatzen zer eginen den aurrez pentsatzea, honako hauek eginez:
- Planifikatutako jarraipen eta berrikuspen prozesu bat ezarriz, bitarteko lorpen mailen bilakaera ebaluatzeko, litezkeen aplikazio arazoak zuzentzeko eta planteamendu kaltegarriak edo eraginkortasunik gabekoak bideratzeko.
- Ulertuz egoera arazotsuak konplexuak izaten direla eta eskatzen dutela azterketak errepikatzea eta jarreren jarraikitasuna.
1.6 Lorpenak ebaluatzea, honako hauek kontuan hartuta:
- Esku hartutako jokabideak nahi diren helburuetara hurbildu diren (alderaketa abiapuntuko mailen eta esku hartzearen bidez lortutako mailen artean).
- Planteatutakoa aldatzea komeni den, igarotako denboran emaitza onik lortu ez delako.
- Aurreikusi gabeko ondorio negatiboak izan diren.
1.7 Laguntza nola desagertuko den erabakitzea, honako hauetarako:
- Esku hartzean zehar eratutako inguruabar artifizialen ordez naturalak ezartzen saiatzeko.
- Izandako lorpenak sendotzeko eta, ahal den neurrian, egoera arrunt orotara orokortzeko.
1.8 Jarraipena:
Jarraipena egin behar zaie ikaslearen bilakaerari eta ekindako jarduera eta programen eraginkortasunari eta egokitasunari. Jarraipen hori esku hartzearen hasieratik diseinatu behar da, baloraziorako une zehatzak ezarriz. Jarraipenean, besteak beste, ataza hauek sartzen dira:
- Erabilitako estrategia, ildo eta neurrien eraginkortasuna aztertzea, eta erabakitzea horiek mantentzea edo aldatzea komeni den.
- Aurrerapenak orokortzeko estrategiak aurreikustea.
- Familiekin eta eskolatik kanpo ikaslearekin lan egiten duten erakunde eta profesionalekin koordinatzea.
Nabarmendu behar da esperimentalki frogaturik dagoela ezen, ildoek eta jarduerek koherentzia badute, eta horietan jarraitutasuna bada, arrakastarako aukera handiagoa dela. Inplikatutako guztien artean lan koordinatua egitea da zerikusia duten erakundeen (osasunekoak, hezkuntzakoak eta familia eremukoak) arteko koherentzia hori eta iraunkortasuna bermatzeko moduetako bat. Profesional guztiek eta gurasoek “batera” lan egin behar dute, informazio bera erabili, baterako analisiak egin eta neurriak ados jarrita hartu.
2. BESTE ESKU-HARTZE EREMU BATZUK
Ikastetxeetan, portaeraren eremuko erantzuna ikasketen eta curriculumaren eremuko eta eremu sozioemozionaleko ekintzekin osatu behar da, eremu horietan esku hartzeko hezkuntza premiak badaude.
2.1. Eremu sozioemozionala
Hezkuntza testuinguru sozialean gertatzen da. Ikasleen portaerak, irakasleenak eta batzuen eta besteen artean sortzen den elkarreragin soziala ikasle guztien garapen pertsonala eta akademikoa taxutzen eta baldintzatzen duten faktoreak dira.
Honako hauek dira alderdi sozioemozionalak lantzeko hezkuntza eremuko zenbait ildo eta estrategia:
- Ikasgela harremanak sustatzeko moduan antolatzea: Taldeak diseinatzea, ikaslearendako kokapen onena aukeratzea, gune eta material komunen erabilera antolatzea.
- Gelako giroa hobetzea: Irakasleen jarrerak, autoritate estiloa, gelaren funtzionamendua arautzea, ikasleen lana eta jarduerak indartzea…
- Taldearen kohesioa hobetzea: Taldean lan egiteko proposamenen bidez (lankidetza lana, talde interaktiboak…), helburu edo jomuga komuna lortzeko atazak; hitz batean, taldearen zein bakoitzaren arrakasta bermatzeko estrategiak.
- Eskola bizitzan parte hartzeko eta konprometitzeko dinamikak garatzea: ikasleen artean ardurak banatzea, parte hartze gidatuko jarduerak egitea, gelako kudeaketan eta erabakiak hartzean parte hartzea.
- Trebetasun sozialak garatzea: Programa espezifikoen bidez, jarduera komunikatiboak diseinatuz, harreman asertiboa, demokratikoa eta positiboa izateko aukerak eta esperientziak eskainiz.
- Ikasleak bere buruaz duen irudia eta autoestimua hobetzea, frustrazioarekiko tolerantzia handitzea…
2.2. Ikasketa eta curriculum eremua
Begi-bistakoa da ikaskuntzaren eta portaerazko egokitasunik ezaren arteko erlazioa: ziurrenik, ikasten ez duen ikasle batek portaera desdoituak agertzen ditu eta, era berean, portaera arazoak dituzten ikasleek normalean gainerakoek baino gutxiago ikasten dute. Eremu honetan eman beharreko hezkuntza erantzuna diseinatzerakoan funtsezkoa da alderdi garrantzitsuei buruz hausnartzea: erabilitako metodologia egokia den ala ez; ikaslearen ezagutza eta gaitasunak bateragarriak diren helburuekin eta hark ikastea nahi dugun edukiekin; ikaskuntza estrategiak egokiak diren ikaslearen ezaugarrietarako…
- Kontuan hartu behar dira arreta aldagaiak: elementu fisikoak, distrakzio aldagaiak, gelaren antolaketa, jardueraren diseinua eta, jarraibide eta azalpenei dagokienez, estrategia didaktikoak kontrolatzea, kontrol zuzena egiteko eta laguntza zuzena emateko teknikak nahiz kontzentrazioa garatzekoak erabiliz. Lan azturak ikaskuntzako eta irakaskuntzako eduki gisa hartzea.
- Curriculum proposamena egokitzea oinarrizko gaitasunak lortzeko hurbileko garapen esparruaren arabera: helburuak eta edukiak aukeratuz, egokituz edo aldatuz, eta lehentasunak eta antolaketa ezarriz jardueretan, estrategia metodologikoetan eta ebaluatzeko irizpideetan eta prozeduretan.
- Jardueren arrakasta bermatzea: zuzeneko eta zeharkako laguntzen mailaketa progresiboa, banakako eta taldekako laguntzak antolatzea, aurrea hartzeko laguntzak planifikatzea eta motibatzeko eta ahalegina sustatzeko estrategiak erabiltzea.