Jokabide taldearen berezko jarduera eremua ikasle jakin batzuen banako hezkuntza beharrei lotuta dago: alde batetik, jarduera moldakaitzak dituzten ikasleak daude; bestetik, berriz, diagnosi kategoria psikiatrikoen ondoriozko portaera nahasmenduak dituztenak.
Ulertzen da esku hartzea eragin dezaketen jokabideak nagusiki ikasleek ezaugarri hauek dituztenean gertatzen direla:
- Ematen dituzten erantzunek adierazten dute zailtasuna dutela ikastetxeko antolamendu sistemara egokitzeko, eta hezkuntza egoeretan parte hartzean duten portaera ez da bateragarria egoera horiekin.
- Ez dute lan-ohiturarik, ez zaizkio espero bezala lotzen lanari, edo beren arauzko taldearen ohiko mailan, eta, horregatik, moldakaizki jokatzen dute.
- Ondo moldatzeko arazoak dituzte gaiarekin, irakasleekin edo ikasteari lotutako beste kontu batzuekin; gainera, autorregulazio defizita dute alde horretatik, eta horren ondorio dira jokabide disruptiboak.
- Gainera, ez dira egoki moldatzen agintzen dutenekin eta ikastetxean ezarritako bizikidetza arauekin.
- Bestalde, pertsonen arteko harreman arazoak dituzte ikastetxeko profesionalekin eta/edo kideekin, eta egoera sozialki disfuntzionalak sortzen dituzte ikasgelan edo ikastetxeko beste gune batzuetan.
- Hezkuntza arloko beste behar batzuk sortzen dituzte, portaerari lotuta daudenak, eta aurreko epigrafeetan zehaztu ez direnak.
Portaera moldakaitzak agertzeari lotutako beharrei dagokienez, honela sailka daitezke:
- Neurriz gaineko jokabideak: esku hartzea beharrezko dute murriztu edo ezabatu nahi badira.
- Jokabide defizitarioak: ez dira behar adina agertzen, eta, horregatik, landu egin behar dira, ezarri edo garatzeko.
- Jokabide desegokiak edo ikastetxeko dinamikarekin bateraezinak. Horietan, desiragarriak ez diren portaerak portaera moldagarri funtzionalez ordezteko jardun behar da.
Gure jarduera eremuak ikastetxeen eskaerei erantzunen die, baldin eta, neurriak hartuta ere, kanpoko laguntza behar badute egoera problematikoa hobetzeko.
Eskola testuingurua gainditzen duten beste eremu batzuekin, adibidez sanitarioarekin edo sozialarekin, zerikusia duen beste edozein jarduketa hezkuntza laguntzarako unitateen edo orientazio departamentuen bidez bideratu, koordinatu eta zehazten da.
Jokabide taldeak Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzako etapetan esku hartzen du.
Hasiera batean, talde mailako beharrizanak eta berariazko egitura eta multzokatzeei atxikiriko ikasleek dituztenak jokabide taldearen jarduera eremutik kanpo geratuko dira. Egitura eta taldekatze horietan planteatutako premiei dagokienez, jokabide taldetik eskaintzen diren ekarpenak bideratu egin behar dira, batez ere heziketa ekintzen eta horiek hedatzeko eta baliatzeko presta daitezkeen materialen bidez.
Nolanahi ere, jokabide taldearen jarduera eremuaren barrukotzat hartzen dira egitura eta taldekatze espezifikoetan dauden ikasleei lotutako eskariak, baldin eta lotura badute esku hartze osagarria justifikatzen duten diagnosi kategoria psikiatrikoetako portaera nahasmenduekin.
Portaera moldakaitzen ondoriozko hezkuntza beharrekin zerikusia duten eskaerei dagokienez, portaera horiek desgaitasunen bat duten ikasleenak badira, eta lehentasunezko ardatza jokabide nahasmendu larria ez bada, NHEBZko talde espezifikoa arduratuko da, talde horren bitartez erantzunen zaie, eta jokabide taldearen laguntza izanen du.
Jokabide arazoei dagokienez, presentziazko esku hartzea behar denean, jokabide taldeak gauzatuko du, eta esku hartze horren eskaria taldeak erantzun beharreko beste edozeinen parekotzat joko da.