Dokumentu honen xedea da NHEBZko jokabide taldearen jarduera egituratzen eta eraginkor bihurtzen den esparrua mugatzea, ikastetxeek esku-hartze eskariak egiten dituztenean egiten den lanari dagokionez.
Eskaera horiek portaera moldakaitzei lotuta daudela ulertzen da, hain zuzen ere, ikastetxe eskatzaileak dituen baliabideez haragoko baliabide espezializatuen ekarpen teknikoa eskatzen duten hezkuntza premiei.
Eredu honek oinarri gisa hartzen du 1991-1992 ikasturtetik hona aurreko talde eta moduluek egin duten lana. Alabaina, lan hori berrikusteko asmoa du, erantzuna eguneratu ahal izateko. Eta hori, une honetan hezkuntza etapetan ikastetxeetan eragin handiena duten beharrizanak aintzat harturik.
Horretarako, premisa bikoitza dugu.
- Batetik, aurreko aldietan ikastetxeetatik iritsi diren eskaeren ehuneko handi bati gaur egun behar bezala erantzun dakioke bertako profesionalen eta erakundeen bidetik. Gainera, jokabide talde baten bidezko ekarpen espezializatua beharrezkoa den kasuetan, ekarpen hori intentsitate baxukoa izan ohi da.
- Bestetik, kontrako aldean, badira konplexutasun handiko beharrizan batzuk, zailtasun berezikoak, modu berezituan ekitea eskatzen dutenak. Horrek justifikatzen du talde horretako profesional espezializatuek aztertzea esku-hartzearen zenbat unetan intentsitate handiagoko ekarpen espezializatua egiteko aukera.
Nolanahi ere, jokabide taldearen bidez eginen diren jarduerek xede bikoitza dute.
- Laguntza eraginkorra eta proportzionatua ematea ikastetxe eskatzaileei.
- Hezkuntza laguntza ematea, ikastetxeetako profesionalek autonomia handiagoarekin jardun dezaten etorkizunean antzeko egoeretan.
Jokabide taldetik egin behar den lana antolatu eta gidatzeko, eta protokolo bat ezartzeko asmoz, dokumentu honek hurrenez hurreneko puntuetan lantzen ditu honako gai hauek:
- Esku-hartze eredu hau zer paradigma teorikoren barruan kokatzen da?
- Jokabide taldearen jarduera eremuak zer muga ditu? Ikastetxeek planteatutako zer egoerak eta ikasleen zer hezkuntza premiak eskatzen dute esku hartzea?
- Zer alderdi zehatzetan oinarriturik onartzen edo baztertzen da esku hartzeko eskari bat? Zeren arabera lehenesten da eskari bat beste baten aurretik?
- Zein intentsitate maila izanen dute jarduerek? Zein modutan zehazten da ikastetxe eskatzaileari eskaintzen zaion lankidetzaren maila? Nola aplikatuko dira laguntza modalitate desberdinak?
- Zein urrats eman behar dira eskari bati erantzuteko orduan, esku-hartze modalitatea bat ala beste izan? Nola antolatzen da horietako bakoitza jarduera prozedura jakin batean? Urrats horietako bakoitzari funtsezko zein ekintza eta tresna nagusi dagokio? Zenbat denbora estimatzen da iraunen duela prozesu bakoitzak?
- Taldeari atxikiriko teknikarien talde multiprofesionalak zein lanbide profil du? Profil horietako bakoitzak zein erantzukizun hartu behar ditu? Zeintzuk dira profil jakin baten berariazkoak direnak eta zeintzuk dira profil horietako batek baino gehiagok partekaturikoak?