Edozer egin baino lehen, zehaztasunez ebaluatu behar da egoera. Ebaluazioak ez du ikaslearen arazoen zerrenda soila egiteko xedea. Aitzitik, arazoak gertatzen diren inguruan ulertu eta uneko egoera azaltzen duen eredua ateratzeko egiten da, horren bidez esku hartze egokiena antolatu ahal dezagun.
-
Jokabidea ebaluatzeko faseak
1.1 Jokabide arazotsuak zehaztea
Identifikatu eta zehaztu behar dira ikasleak agertzen dituen jokabideak (desegokiak direnak gehiegikeriagatik, gabeziagatik edo ikastetxeko dinamikarekin bateragarri ez izateagatik) eta, gainera, zer baldintza berezitan dituen jokabide horiek, azken hau askotan zehazten zaila bada ere. Edonola ere, gertatzen dena zehatz-mehatz mugatu behar dugu, bizipenak kuantifikatzeko edo neurtzeko moduko datu moduan erabili eta arazoa koordenatu ahalik eta objektiboenetan kokatu ahal izateko.
Gainera, jokabide desegokien multzo horrekin batera jokabide alternatiboei buruzko informazioa ematen bada, xede jokabideen zehaztapena bideratzen eta jokabideak aldatzeko esku hartze zehatza izanen denaren eskema diseinatzen ariko gara.
Hori egin eta helburuak lehenetsitakoan, errazagoa izanen da informazioa jasotzeko beharko diren metodoak aukeratzea eta diseinatzea.
1.2. Datuak biltzea
Behaketak, proba estandarizatuak, elkarrizketak, miaketak, galdetegiak eta abar egin daitezke.
“Baliabideak” atalean, aipatutako tresnen adibideak ematen dira.
1.3. Datuen analisia
a) Analisi topografikoak:
Batetik, pertsonak hiru erantzun sistemetan –fisiologikoak, mugimenezkoak eta kognitiboak– dituen agerpen eta jokabideak identifikatzen dira. Bestetik, haien parametroak zehazten dira: maiztasuna, iraupena eta intentsitatea.
Erantzun sistema hirukoitza da egoera eta arazoen aurrean pertsona bakoitzak duen erantzuteko era.
- Mugimenezko erantzunak:Pertsonak egiten duena edo egiten ez duena agertzen duten erantzunak dira. Ageriko erantzunak dira, gainerakoendako ikusgai direnak, eta, horregatik, kanpokoak direla ere esaten da. Sail honetan sartzen dira mugimenezko ekintzak, jokabide ahozkoa eta ez-ahozkoa.
- Erantzun fisiologikoak:Pertsonak dituen sentipen fisikoak dira. Gehienak organismoaren barruan gertatzen dira; beraz, barnekoak dira, eta gainerakoendako ikusezinak. Adibidez: bihotz taupadak, tentsio muskularra, odolaren presioa handitzea eta abar. Baina batzuk ikus daitezke, eta, horregatik, kanpoko erantzunen artean ere sar litezke, besteak beste, izerdia, negarra, gorritzea, dar-dar egitea.
- Erantzun kognitiboak:Pentsamenduak, irudiak, iritziak, usteak, atribuzioak, sentimenduak eta abar dira. Mugimenezko erantzunak ez bezala, gainerakoek ezin dituzte ikusi erantzun kognitiboak.
Erantzun maila horiek elkarren artean loturik daude pertsona guztietan, baina eragin maila ez da sinkronoa; hau da, pertsona batetik bestera eta egoera batetik bestera desberdin erantzuten da maila bakoitzean (eragina handiagoa edo txikiagoa da).
Analisi topografikoa osatzeko, funtsezkoa da hainbat parametro kuantifikatzea, zehazteko arazoa gehiegikeriagatik edo gabeziagatik agertzen den, eta jokabide arazotsuaren oinarriko lerroa (abiapuntuan den egoera) mugatzeko. Parametro hauek erabiltzen dira:
- Maiztasuna: jokabidearen zenbat gertakari dauden denbora unitate jakin batean.
- Iraupena: zenbat denbora irauten duten jokabide gertakariek.
- Intentsitatea: zenbateko indarrarekin ematen den erantzuna.
Jokabide arazotsuak analisi topografikoaren bidez zehaztu eta gero, jokabide horiek kontrolatzen dituzten aldagaiak zehaztu behar dira ebaluazioa osatzeko, eta, horretarako, analisi funtzionalera jotzen da.
b) Analisi funtzionala:
Analisi honen xedea da oinarrizko elementu bakoitzari lotutako informazioa aztertzea, eta elementu horien arteko loturak zehaztea.
Identifikatu behar dira jokabide, arazo edo nahaste bat kontrolatzen duten aurreko eta ondoko aldagaiak, kanpokoak zein barnekoak, eta aldagai horien eta arazoaren artean dauden kontingentzia erlazioak ezarri behar dira. Elementu hauek osatzen dute analisi funtzionala: aurreko estimuluek, aldagai organikoek, pertsonaren erantzunak eta ondoko estimuluek.
- Aurreko estimuluak:Justu jokabide arazotsua izan edo agertu aurreko uneko gertakizunak dira, eta lotura funtzionala dute jokabidearekin.
- Aldagai organikoak:Pertsona bakoitzaren ezaugarri berezi jakin batzuk dira, pertsonarengan daudenak eta gai direnak jokabidean eragiteko eta hura iraunarazteko.
- Baldintzatzaile biologikoak: lehenagokoak eta egungoak izan daitezke. Lehenagokoak izan daitezke herentziazko faktoreak, jaiotza-ingurukoak edo jaio aurrekoak (bihotza gelditzea, anoxia) eta, iraganean agertu ziren arren, haien ondorioak ebaluazioa egiten den unean aurkitzen dira. Horrelakoek arazoan eragin eta hura iraunaraz dezakete; beraz, kontuan izan behar dira tratamendua diseinatzerakoan. Oraingoen barruan pertsonaren oreka fisiko edo organikoa galaraz dezaketen faktoreak sartzen dira: gaixotasunak, traumatismoak edo ondoez iragankor edo kronikoak, botikak hartzearen alboko efektuak, nekea, eta abar.
- Ikasleak dituen jokabideen errepertorioa, balioko diguna jokabide arazotsuak ordezkatzeko jokabide egokiagoekin (edo horietara hurbiltzen direnekin).
- Ikaskuntza historia: pertsonak bere bizitzan zehar izan dituen eredu jakin batzuk dira; zehazki, eragin kaltegarria izan dutenak, edo dagoen arazoaren funtzionamenduari begira bitarteko desegokiak erabiltzera bultzatu dutenak.
- Erantzuna:Ikasleak izandako jokabideen deskribapena.
- Ondoko estimuluak:Jokabide arazotsua agertu eta berehala izaten diren gertakariak dira, eta arazoa iraunarazten dute.
- Kanpokoak: ikaslearen inguruan gertatzen diren efektu edo aldaketak dira, eta arazoa iraunarazten laguntzen dute. Adibidea: ikaskideek barre egiten dute ikasleak gauza desegokiren bat erraten duenean.
- Barrukoak: pertsonarengan gertatzen diren efektu edo aldaketak dira, eta arazoa iraunarazten dute. Adibidea: mututasun selektiboa duen ikasle baten antsietate maila jaistea, talde osoaren aurrean mintzatzeko egoera saihestean.
-
Ebaluatu beharreko beste alderdi batzuk
Portaera arazotsuek horiek dituen pertsonaren garapena eta funtzionamendua baldintzatzen eta zailtzen dute, alderdi sozioemozionalei, kognitiboei eta curriculumekoei dagokienez. Hori dela eta, funtsezkoa da alderdi horiek ere baloratzea.
Bestalde, jokabideak ez dira hutsean gertatzen, hau da, helburu bat dute, eta erantzun eta harreman sozialeko mekanismo bezala jokatzen dute.
Horrenbestez, ebaluazioa testuinguru natural eta sozialera zabaldu behar da (irakasleak, gurasoak, ikaskideak…).
Ikaslearekiko
Testuinguruarekiko
2.1. Ikaslea
a) Alderdi kognitibo akademikoa:
Ahalmen maila, trebetasunak, garapen maila eta gaitasuna zehaztu behar dira, faktore horiek oso garrantzitsuak baitira aplikatu beharreko estrategiak erabakitzerakoan.
Bestalde, curriculum-gaitasuna eta ikaskuntza estiloa ere ebaluatu behar dira, curriculum erantzunak portaera erantzun doitua izaten laguntzen duen jakiteko.
b) Alderdi soziala eta emozionala:
Ikaslearen trebetasun sozialen eta integrazio mailaren arabera esku-hartze mota bat ala beste beharko da. Halaber, ikasleak dituen autoestimuak, atribuzioek eta itxaropenek esku-hartze mota baldintzatuko dute.
Kontuan izan behar dira ikasleak rol sozialak bere gain hartzeko duen zailtasuna, diziplina neurrien eta trebetasun sozialen eragina, bai eta motibazioa, kontrol-lekunea, autoeraginkortasuna, antsietate maila, bere buruaz duen ustea eta autoestimua ere.
2.2. Testuingurua
a) Antolaketa egitura:
Familiak eta eskolak duten antolaketa egiturak esku hartzeko aukerak baldintzatzen ditu.
b)Eskola eta familia giroa:
Ikaslearen inguruko giroak (ikasleen arteko harremana, irakasleen eta ikaslearen artekoa, familia barruko harremanak, autoritate estiloa eta abar) ikaslearen jokabidea aldaraziko du unean-unean, eta giro motaren arabera esku-hartze mota batzuk ala beste batzuk izanen dira posible.
Ikasgelako giroa baloratzean kontuan izanen dira antolamendu faktoreak eta sistema soziala, ikasgelaren ezaugarri fisikoak, ikasle-irakasle harremana eta ikasleen ezaugarriak.
c)Irakaskuntza estiloa:
Irakaskuntza estiloak gela barruko elkarreragina baldintzatzen du. Irakasle bakoitzak zenbait baliabide didaktiko izaten ditu. Baliabide horietako batzuk hobeki doazkio (eta beste batzuk okerrago) portaera arazoak dituen ikaslearen erreakzio estiloari.
d)Esperientzia:
Horrelako ikasleekin aritzen adituak diren irakasleak gai izanen dira esperientziarekin ikasi dutena besterentzeko eta, hala, beren esku hartzea aberatsagoa izanen da. Irakasleen aurretiko kognizioak eta ikasle jakinarekin aritzean eskuratutakoak balioetsiko dira.
e)Kognizioak, atribuzioak eta itxaropenak:
Ikasleari buruz ditugun ideiek, pentsamenduek, harengandik eta haren nahasmendutik espero denak eta abarrek esku hartzea baldintzatzen dute, horretaz ohartu gabe ere.