Jokabide arazotsua da, jokabide hori duen pertsonaren ikuspegitik, jokabidearen gehiegikeria, gabezia, iraunkortasuna edo desegokitasuna dela-eta pertsonak inguruarekin duen harremanean eragin kaltegarria duena, pertsonaren garapena oztopatzen duena eta gaitasun akademiko, familiar eta sozialari eragiten diona.
Inguru sozialaren ikuspegitik, aldiz, jokabide arazotsuak dira bizikidetza arauen aurkakoak diren jarrera eta ekintzak, ordena eta giro egokia izatea eragozten dutenak gutxi-asko, eta erakundearen berezko eginkizunak betetzea zailtzen dutenak.
Aurrean dugun jokabidea arazotsua da baldin eta:
- Gehiegitan gertatzen bada.
- Denboran irauten badu, modu egonkorrean.
- Jokabidea duen pertsonarentzat kaltegarria bada, behar bezala garatzea oztopatzen diolako (pertsona bezala, gizartearekiko, curriculumarekiko…).
- Inguruarentzat (familia, eskola, gizartea) kaltegarria bada.
- Ez badu azalpenik pertsonaren bilakaera etaparen (garapen adinaren) ezaugarrien aldetik.
Jokabide arazotsuen ondorioak larriak izan daitezke, izan ere:
- Arriskutsuak izatera irits daitezke jokabideak dituztenen zein pairatzen edo ikusten dituztenen osasunerako eta segurtasunerako.
- Helduengan erantzun hertsatzaile (ez hezitzaile) gehiegizkoak eta neurriz kanpokoak eragin ditzakete (zigorrak, egozpenak…).
- Estres iturri indartsua izan daitezke (helduentzat eta ikaskideentzat).
- Bakartzea eta gizarte bazterkeria sor ditzakete.
- Baliteke etengabe gainbegiratu behar izatea eta, horren ondorioz, esku hartzea jokabidean zentratzea, eta hezkuntzaren eta ikaskuntzaren beste esparru batzuetan egin behar diren ahaleginak baztertu behar izatea.
- Okerrera egin dezakete neurri egokiak hartu ezean.
Hala ere, erabilgarriak ere izan dakizkiguke, erakusten dutelako pertsona horrendako zer den garrantzitsua; zer behar edo zer gabezia dituen (arreta, segurtasuna, afektua…).
Jokabide desegoki guztiak ez dira portaera arazoak. Jokabide jakin bat portaera arazoa den errateko honako faktore hauek kontuan hartu behar dira:
- Adina: Jokabide bat arazotsutzat jotzeko bilakaeran normala denarekin alderatu behar da. Lehen haurtzaroko jokabide batzuk (gehiegi mugitzea, inpultsibotasuna, nolabaiteko oldarkortasuna…), normalak dira adin horretan, baina ez ondorengo etapetan.
- Zer testuingurutan agertzen den jokabidea: Ikasle baten jokabidea aztertzean, nahiko erabakigarriak dira ikaslearen ingurua eta inguru horretako pertsonen iritzia.
- Egonkortasuna: Jokabide desegokiak portaera ildo egonkor eta luze samarra izan behar du.
- Ikaslearen garapenean eta inguruarekiko harremanean duen eragina: Jokabideak nabarmen oztopatu behar du ikaslearen garapen prozesua, eta eragin handiagoa edo txikiagoa izan eremu pertsonal-emozionalean, sozialean eta akademikoan.
- Inguruan duen eragina: Ikaslearen jokabideak ondorio kaltegarriak izan behar ditu gertatzen den inguruan.
Erran genezake jokabide arazoak ohikoak direla eskola ingurunean, eta askotan ondorio kaltegarri larriak dituztela, bai jokabide desegokia duen ikaslearendako (eragin kaltegarria izan dezake haren garapen pertsonalean eta afektiboan, bai eta ikasketetan ere), bai taldeko edo ikasgelako gainerakoendako (ingurunearen ustez zer den baliozko), bai ikaslearen egokitze jokabidearendako (zer den errentagarri).
Ikasle batek agertzen dituen jokabide desegokiek, anitzetan, balio positiboa dute harendako, eta balio diote ingurunera egokitzeko. Haatik, ikaslearendako egokitze jokabidea den hori desegokia edo desdoitua izan daiteke inguruarentzat. Profesionalen lana izanen da jokabide egokia (inguruan baliozkotzat jotzen dena) eta ikaslearen egokitze jokabidea (errentagarria zaiona) elkarri hurbiltzea.
Jokabide arazoez hitz egitean, “gehiegikeriazko” jokabideez (maizko etenak, etengabe batera eta bestera ibiltzea, eraso fisikoak edo ahozko erasoak…) zein “gabeziazko” jokabideez (gizarte inhibizioa, mututasun selektiboa, pasibotasuna, ekimen falta…) ari gara. Bi jokabide mota horiek nabarmen oztopa dezakete pertsonaren garapena, baina lehen motakoak azkarrago eta errazago antzematen dira, ikasgelako dinamika nabarmen zapuzten dutelako. Bigarren motakoak, aldiz, maiz inor ohartu gabe gertatzen dira, edo onartu egiten dira pertsonalitatearen egituran berezkoak direlakoan (“X oso lotsatia da eta”). Hezkuntza jarduketa, noski, bi motetan gauzatu behar da.
Ikasgeletan agertzen diren jokabide desdoituak ez dira ausaz gertatzen, eta oinarrian ikaslearen ezaugarri pertsonalak baino zerbait gehiago dute. Ikaslearen eta bere ingurune sozial eta akademikoaren arteko elkarreraginaren ondorio edo emaitza direla ulertu behar da beti. Ikuspuntu honetatik, ikasleak ingurune sozial eta akademikoarekin duen elkarreraginaren ondorio gisa ulertzen dugu jokabide arazotsua; hau da, jokabidea ikaslearen beraren, hezkuntza ingurunearen eta bien arteko elkarreraginaren elementuak batzearen emaitza besterik ez da.
Era berean, garrantzitsua da erratea ikaskuntza arazoen eta jokabide arazoen artean kausa-efektu erlazioa dagoela. Izan ere, portaera arazoak dituzten ikasle askok ikaskuntza arazoak eta eskola atzerapena ere izaten dituzte. Komeni da aztertzea ea ikasleak ez duen ikasten bere portaera desegokiak galarazten diolako ala ikasten ez duelako duen portaera txarra. Funtsezkoa da arazoaren balizko jatorria zein den bereiztea, horren araberakoa izanen delako hezkuntzako esku hartzea. Portaera desegokiaren oinarrian ikaskuntza arazo bat badago, hezkuntza erantzunak aldagai akademikoak kontrolatzera (curriculumaren egokitzapenak, metodologia baliabideak…) joko du. Aldiz, arazoen jatorrian portaera bera badago, erantzunak testuinguruarekin, gizartearekin edo pertsonarekin lotuago dauden aldagaietan eraginen du (jokabidea aldatzeko tekniken erabilera, trebetasun sozialen garapena…).
Nahiz eta betidanik izan diren jokabide arazoak ikastetxeetan, badirudi azken urteetan indar handiagoa hartu dutela. Ez dago erabat argi zenbatetan gertatzen diren honelakoak ikasleen artean; askotariko azterlanak egin dira, eta oso datu desberdinak eman dituzte. Diotenez, Espainiako Estatuan ikasleen % 10-12k dituzte jokabide arazoak; mutilen artean nesken artean baino ohikoagoak dira, eta gehiago irauten dute; eta, azkenik, hiri inguruetan landa inguruetan baino ohikoagoak dira.
Alderdi nagusiak jokabide arazotsuaren sorrera/garapenean
- Jokabidearen xedea:
Jokabide osoa, egokia edo desegokia izan, egilearendako xede bat duelako gertatzen da; zer nahi den (arreta, afektua, gauzak…) hura lortzeko bitartekoa da jokabide arazotsua, bai eta nahi ez dena (ondoeza, mina, asperdura, porrota…) saihestekoa ere.
- Arrisku faktoreak eta babes faktoreak.
Aurretik esan dugu jokabidea elkarri eragiten dioten faktore pertsonal, sozial eta fisikoen testuinguruan gertatzen dela, eta faktore horiek modulatzen eta baldintzatzen dutela jokabidea.
Faktore horiek askotariko ezaugarriak eta eginkizunak izan ditzakete, are batzuk besteen kontrakoak ere. Horregatik, batzuetan jokabidea indartzen laguntzen dute, eta beste batzuetan, aldiz, desagerrarazten. Elementu, gertaera edo egoera batek jokabide arazotsu bat eragiteko aukera handitzen badu, arrisku faktorea da; aukera hori txikitzen badu, berriz, babes faktorea. Babes faktoreek, bestalde, portaera asertibo, heldu eta doituak garatzeko aukera handitzen dute.
- Arrisku faktoreen adibideak:
- Adimen-koefiziente txikia.
- Eskola atzerapena.
- Kontra-egite eta erronka sintoma goiztiarrak.
- Jokabide moldakaitzen maiztasun handia eta larritasuna.
- Familian nahasmenduak izatea (herentzia).
- Familia arazoak: abusuak, tratu txarra, abandonua…
- Babes faktoreen adibideak:
- Hazteko eta hezteko trebetasun handia.
- Erreferentziazko pertsona hurbilak eta egonkorrak.
- Familiaren egonkortasun ekonomiko eta soziala.
- Eskola eta gizarte giro seguru eta fidagarria.
- Itxaropen baikorrak eta atribuzio doituak.
- Eskola arrakasta.
- Jokabide prosozialak izatea.
- Indartzaileak eta ondorioak:
Kontuan izatekoa den beste alderdi bat da, jokabidearen sorreran duen garrantziagatik: jokabide arazotsuak berekin dakartzan ondorioen efektua edo eragina. Ondorio horiek kontzienteki eta sistematikoki aplikatzea da jokabidea gobernatzeko tresna eraginkorrenetako bat. Ondorioak positiboak direnean, indartze lana egiten dute, baina pertsonarendako negatiboak badira, zigor gisa eraginen dute.
Helduen erantzuna edo esku hartzea desegokia bada hasiera batean oso garrantzitsua ez den jokabide arazotsu baten aurrean, jokabide horren maiztasuna, indarra eta iraupena handiaraz ditzake, eta “elur-bola efektua” esaten zaion areagotze hori eragin.
Jokabideetan eragiten duten beste indartzaile ahaltsu batzuk dira haur eta gazteekiko helduek dituzten (eta halabeharrez erakusten dituzten) ezagutza, atribuzio eta itxaropenak. Itxaropen horiek pertsonen arteko harreman giroa modulatzen dute, eta pertsonen portaera eta errendimendua baldintzatzen. “Norberak betetako profezia” edo “Pigmalion efektua” esaten zaio horri.
Jokabide arazoen sorrera eta garapena azaltzeko eskema: