Adimen desgaitasunen eta garapenekoen Amerikar Elkartea
Adimen desgaitasunen eta garapenekoen Amerikar Elkarteak (AAIDD, eta lehenago, AAMR) honako definizio hau ematen dio adimen desgaitasunari, bere 11. edizioan (2010):
“Adimen desgaitasunak funtzionamendu intelektualaren nahiz egokitze jokabideen muga esanguratsuak ditu ezaugarri, egokitze trebetasunetan, trebetasun kontzeptualetan eta praktikoetan agertzen direnak. Desgaitasun hori 18 urte bete baino lehen sortzen da”.
Definizio horrekin batera, kontzeptua argitzen duten premisak ageri dira:
- Funtzionamenduko mugak adin eta kultura berekoen ohiko talde giroetako testuinguruan hartu behar dira aintzat.
- Baliozko ebaluazio batek kultura eta hizkuntza aniztasuna izan behar ditu kontuan, bai eta komunikazioaren arloan eta alderdi sentsorial, motor eta jokabidezkoetan ageri diren aldeak ere.
- Pertsonan batengan, mugak gaitasunekin batera agertu ohi dira.
- Laguntza premien profila sortzea da mugak deskribatzearen helburu garrantzitsuetako bat.
- Denbora luzean laguntza pertsonalizatu egokiak ematen badira, adimen desgaitasuna duen pertsonaren bizitza funtzionamendua hobetu eginen da oro har.
Ikuspegi horren arabera, pertsonaren gaitasunen, eta hark duen testuinguruaren eta behar dituen laguntzen arteko egokitzapena da desgaitasuna.
Adimen funtzionamendua honako dimentsio hauekin dago lotuta:
- Adimen trebetasunak
- Egokitze jokabidea (kontzeptuala, soziala eta praktikoa)
- Parte hartzea, interakzioa eta rol sozialak
- Osasuna (fisikoa, mentala eta etiologia)
- Testuingurua (inguruneak eta kultura)
AAIDDk honako terminologia hau proposatzen du:
- Adimen desgaitasun arina
- Adimen desgaitasun moderatua
- Adimen desgaitasun larria
- Adimen desgaitasun sakona/pluridesgaitasuna
- Larritasun zehazturik gabeko adimen desgaitasuna
DSM-5 sailkapenaren definizioa: Adimenaren garapenaren nahasmendua
APA elkartearen Nahasmendu mentalen diagnosi eta estatistikaren eskuliburuak (DSM-5), bere bosgarren edizioan (2015), NEUROGARAPENAREN NAHASMENDUEN taldearen barnean definitzen du ADIMEN DESGAITASUNA (adimenaren garapenaren nahasmendua); garapen garaian sortzen diren eta adimen funtzionamenduaren eta arlo kontzeptualeko, sozialeko eta praktikoko egokitze jokabideen mugak dakartzaten gaitzen taldean kokatua dago.
Honako hiru irizpide hauek bete behar dira:
- Adimen funtzioen urritasunak, hala nola arrazoibidean, arazoen ebazpenean, planifikazioan, pentsamendu abstraktuan, zentzutasunean, ikaskuntza akademikoan eta esperientziatik abiatutako ikaskuntzan; betiere, ebaluazio klinikoaren eta banakako adimen proba estandarizatuen bidez egiaztatuta egon behar dute.
- Egokitze jokabideen urritasunak, autonomia pertsonalerako eta erantzukizun sozialerako garapen estandarrak eta estandar soziokulturalak betetzea eragozten dutenak. Etengabeko laguntzarik gabe, egokitze urritasunek eguneroko bizitzako jarduera bat edo batzuk mugatzen dituzte, besteak beste, komunikazioa, parte hartze soziala eta askotariko inguruneetan bizimodu independentea izatea.
- Adimen eta egokitze urritasunak garapen garaian hastea.
Sailkapena
DSM-5ek (2015) adimenaren garapenaren nahasmenduaren sailkapen bat proposatzen du, larritasunaren araberakoa. Larritasun hori egokitzapen funtzionamenduaren arabera neurtzen da, hori erabakigarria baita zenbat laguntza behar duen zehazteko orduan.
Ondokoak bereizten ditu:
- ARINA 317 (F70)
- MODERATUA 318.0 (F71)
- LARRIA 318.1 (F72)
- SAKONA 318.2 (F73)
Adimen desgaitasun arina.
Hor, honako hauek sartzen dira: adimen kozientearen puntuazioa 55-50era ailegatu gabe 75-70etik beheiti dutenak (batezbestekoaren azpitik 2 desbideratze tipiko inguru, gutxi gorabeherako 5 puntuko neurketa errorearekin).
Tarte horretako goiko mugari buruz, DSM-5ek dio desgaitasun arina diagnostikatzen ahal dela 70etik 75era bitarteko adimen kozientea izanez gero, baldin eta egokitze jokabidean urritasun nabarmenik badago; bestela, ez.
Adimen desgaitasuna duten ikasleen %85ek adimen desgaitasun arina du. Oro har, zentzumenen edo mugimenduaren aldetik urritasun txikiak izaten dituzte; trebetasun sozial eta komunikatiboak eskuratzen dituzte haur hezkuntzan, eta lehen hezkuntzan, oinarrizko ikaskuntza instrumentalak.
Adimen desgaitasun arinaren larritasun eskala. DSM 5.
Adimen desgaitasun moderatua.
Honako hauek sartzen dira talde horretan: adimen kozientea 55-50 eta 40-35 artean dutenak. Ikasle horien egokitze jokabidea garapen arlo guztietan egoten ohi da ukituta. Adimen desgaitasuna duen populazioaren %10 inguruk adimen desgaitasun moderatua du. Horrelako desgaitasuna duten ikasleek komunikazio trebetasunak garatzen dituzte beren haurtzaroko lehen urteetan, eta, eskolaldian zehar, oinarrizko ikaskuntza instrumentalak lortzen ahal dituzte partzialki. Ezagunak dituzten lekuetan modu autonomoan ibiltzen ahal dira, beren burua zaintzen ahal dute nolabait ere gainbegiratzen badituzte eta gizarte trebetasunak entrenatzen ahal dituzte.
Adimen desgaitasun moderatuaren larritasun eskala. DSM 5.
Adimen desgaitasun larria.
Honako ikasle hauek sartzen dira talde horretan: adimen kozientea 35-40 eta 20-25 artean dutenak. Lehen urteetan, hizkuntzaren arloan, lorpen gutxi izaten ditu, eta, eskolatzearen joan-etorrian, solastatzen ikasten ahal du edo komunikazio zeinu alternatiboren bat erabiltzen. Haren egokitze jokabidea oso ukitua ageri da garapenaren arlo guztietan, baina bere burua zaintzeko oinarrizko trebetasunak ikasten ahal ditu
Adimen desgaitasun larriaren larritasun eskala.. DSM 5.
Adimen desgaitasun sakona/askotariko desgaitasuna.
Ikasle hauetako gehienek nahasmendu neurologiko identifikatua izaten dute; horrek azaltzen du desgaitasun honen presentzia, beste desgaitasun batzuekin batera gertatzea (horregatik esaten da askotariko desgaitasuna) eta taldearen aniztasun handia. Hori horrela, osasun fisikoaren arreta lehentasunetarik da. Ikasle hauen adimen kozientea 20-25etik beheitikoa izaten da, eta maila honetako desgaitasuna izaten du adimen desgaitasun duten pertsonen %1-2 inguruk. Kontzientzia eta garapen emozionala mugatua izaten dute; ez dute komunikazio asmorik batere edo oso txikia dute; ez dira solastatzen eta mugimendu arazo handiak dituzte. Arloren batean autonomiarik izanez gero, oso maila txikia lortzen dute. Kasuistika continuum bat da; badira ohatzean egon behar duten ikasleak, batere gorputz kontrolik ez dutenak, are modu berantiarrean garapen motorraren oinarrizko eredu batzuk eskuratzen dituzten ikasleak ere.
Adimen desgaitasun sakonaren larritasun eskala. DSM 5.
Ezaugarriak, beharrak eta laguntzak
Jarraian jasotzen diren koadroetan biltzen dira hezkuntzaren esparrutik erantzun beharreko lehentasunezko premiak finkatzen dituzten ezaugarriak.
Kodro horietan, batetik, ezaugarri adierazgarriuenak bildu dira, tipologia bakoitzeko oinarrizko gaitasunen ikuspegitik, eta, beste alde batetik, horiek eragiten dituzten premia/laguntza nagusiak.
- Adimen desgaitasun arinarekin lotutako premiak.
- Adimen desgaitasun moderatuarekin lotutako premiak.
- Adimen desgaitasun larriarekin lotutako premiak.
- Adimen desgaitasun sakonarekin/askotariko desgaitasunarekin lotutako premiak.
DSM-5 sailkapenaren definizioa: Garapenaren atzerapen orokorra
Diagnostiko hori 5 urtetik beherako banakoentzat gordetzen da, larritasun klinikoaren maila ezin baita modu fidagarrian baloratu haurtzaroko lehen urteetan.
Kategoria hori diagnostikatzen da subjektuak ez dituenean betetzen garapenean espero diren mailak adimenaren funtzionamenduaren zenbait eremutan. Proba estandarizatuetan parte hartzeko txikiegiak diren haurrak ere kategoria horretan sailkatzen dira.
Denbora jakin bat iragandakoan, berriz baloratu behar da kategoria.
DSM-5 sailkapenaren definizioa: Adimenaren garapenaren nahasmendu zehaztu gabea
Kategoria honetan 5 urtetik gorako banakoak sartzen dira, adimen desgaitasunaren maila (adimenaren garapenaren nahasmendua) ezin denean bertan dauden prozeduren bidez baloratu edo horrela baloratzea oso zaila denean, narriadura sentsorial edo fisiko lotuengatik (hala nola, itsutasuna edo hizkuntza aurreko gorreria, lokomozio desgaitasuna edo portaera arazo larriak edo, horiekin batera, asaldura mentala). Kategoria hau ohiz kanpoko egoeretan bakarrik erabiliko da, eta denbora jakin bat iragandakoan, berriz baloratu beharko da.