Agenesia: Jaiotzetik organo bat edo haren zati bat falta izatea; eskuarki, jatorrizko ehuna falta delako eta enbrioian garapenik ez dagoelako sortzen da.
Ahots programa: Ahotsa ezagutzeko programa batean, ordenagailuaren mikrofonoaren bidez testua diktatzen eta idazten da. Ordenagailuaren berezko jarraibideak ere gauzatzen ahal dira. Erabiltzaileak ahoskera ona izan behar du.
Alphatalker: Minspeak hizkuntza duen komunikatzaile bat da. 32 laukitxo ditu, eta horiek uztartuz milaka hitz edo mezu lortzen ahal dira. Teknologia digitala erabiltzen du mezuak grabatzeko eta erabilera ahal bezainbeste errazteko.
Sortzetiko artrogriposi anizkoitza: jaiotzetiko zurruntasun fibrosoa giltzadura batean edo gehiagoan. Kaltetutako giltzadurak mugitzen dituzten muskuluak erabat garatu ez izanarekin lotu ohi da, baita muskulu horiek inerbatzen dituzten motoneuronetan izandako endekapenezko aldaketekin ere.
Eserleku pelbiko moldatua: igeltsuz edo material termoplastikoz egindako eserleku bat; molde gisa haurraren gorputza erabiltzen da. Gorputza zuzentzeko eta kontrolik gabeko sedestazioaren ondorioz sortzen diren deformazioak saihesteko balio du.
Arantza bifidoa: hodi neuralaren jaiotzetiko akatsa, ernaldiaren lehen hilabetean ornoen atzeko arkuetako bat edo gehiago ongi fusionatu ez d(ir)elako; hala, bizkarrezur muina hezurren babesik gabe gelditzen da hor.
Jaiotzetiko akats horrek gradu desberdineko lesioak sortzen ditu bizkarrezur muinean eta nerbio sisteman. Kaltea atzeraezina eta iraunkorra da.
Ataxia: muskuluak kontrolatzeko anomaliak edo mugimenduak zolitasunez koordinatzeko gaitasunik eza. Horrek enborraren edo gorputz adarren balantza mugimendu espasmodiko eta ezegonkorrak sortzen ditu, eta ibilera ezegonkorra. Jaiotzetiko akats gisa agertzen ahal da, edo barizelaren gisako infekzio biral sinple baten ondorioz garatu, baita entzefalitis baten, buruko trauma baten edo bizkarrezur muinari edo NSZri eragiten dioten gaixotasunen ondorioz ere.
Bala estrapiramidala: Entzefaloko traktu piramidal espinalen kanpoaldean dagoen kordoi formako nerbio zuntz multzoa. Muskuluen tonua erregulatzen du, baina kondizio patologikoetan soilik azaleratzen da.
Bipedestadorea: eskolako jardueretan gorputzaren jarrera aldatzea errazten duen gailu bat; enborra zuzentzea eta grabitatearen kontra aktiboki eustea praktikatzeko aukera ematen du.
Boardmarker: Mayer-Johnsonen komunikatzeko piktogramen sistemaren (KPS) 3.000 ikono dituen informatika programa. Komunikatzeko taulak sortzeko aukera ematen du.
Charcot–Marie–Tooth-en gaixotasuna: Atrofia neuromuskular progresiboa.
Chatbox: eguneroko bizitzan inguruan dituen guztiekin oinarrizko komunikazioa izatea ahalbidetzen die mintzatu ezin direnei. Minspeak hizkuntza erabiltzen du, esanahi askoko ikonoak uztartuz hitzak edo esaldiak adierazteko.
Cross Scanner: pantaila ekorketa egiteko aukera ematen duen programa informatikoa. Hezkuntzako edozein softwaretan aplikatzen ahal da.
Desgaitasuna: ageriko galera, gabezia edo murrizketa, urritasun baten edo beste kausa batzuen ondorioz, jarduera bat normaltasun marjinen barruan gauzatzean.
Desmielinizazioa: nerbio baten edo nerbio zuntz baten mielina zorroa suntsitzen edo galarazten duen prozesua.
Disartriak: termino generiko horrek mintzamenaren nahasmendu motorren multzoari egiten dio erreferentzia. Ezaugarri hauek ditu: muskuluen ahulezia, koordinaziorik eza, eta mugimendu motelak edo azkarregiak egitea arnasketa-, fonazio-, erresonantzia- edo artikulazio-muskuluetan. NSZean edo periferikoan dauden mekanismo efektoreengatik sortzen dira. NSZeko lesio batek mintzamenaren mekanika edo fisiologia motorrean eragiten duen akatsa da disartria. Ez du eraginik mintzamenaren egituretan (ulermena, izendapena eta gramatika mantentzen dira).
Disartria ataxikoa: artikulazioaren nahasmendua, zerebeloan edo haren konexioetan dauden lesioengatik. Aurretiko diagnostikoa sindrome zerebelosoa da. Fonazioan, prosodian eta artikulazioan eragiten ditu nahasmenduak. Ahotsa latza, monotonoa eta, zenbaitetan, dardaratia da, eta, artikulazioan ikusten ahal diren desbideratzeen artean, bokalen distortsioa eta kontsonanteen bereizmen eskasa daude. Paziente horiek hizkera etena dutela esaten da, ohiko erabileraren aldean silabak bestela hanpatzean prosodian agertzen den aldaketarengatik.
Disartria espastikoa: goiko neurona motorraren mailako kalteek sortutako artikulazio nahasmendua. Aurretiko diagnostikoa paralisi pseudobulbarra da. Mintzamenaren muskulatura kaltetuta dago ia beti, laringean, belofaringean eta artikulazioetan. Prosodian eta artikulazioan eragiten ditu nahasmenduak. Artikulazioa zehaztugabea da, ahotsa zakarra (tentsioa itoaldia), baxua eta monotonoa da, mintzairaren erritmoa motela da eta ohikoak dira hipersudurkaritasuna eta sudurreko emisioak. Disartria espastikoa dutenek esaldi laburrak ahoskatzen dituzte, eta ohikoak dira etenaldiak.
Disfagia: irensteko zailtasuna, faseetako edozeinetan. Batez ere, fase orofaringeoan. Irenstean bide faltsuak agertzen ahal da (elikagaia laringean sartzea, aspirazioa trakean eta bronkioetan).
Disglosia: artikulazioaren nahasmendua, mintzamenaren organo periferikoetan dauden anomalia edo lesioen ondorioz. Ezpainetakoak, hortzetakoak, mingainekoak, barailakoak nahiz ahosabaikoak izaten ahal dira.
Disgrafia: idazteko urritasuna, nahasmendu hori argitzen ahal duen atzerapen neurologikorik edo adimenekorik ez dagoenean. Idazketara proiektatutako dislexiatzat hartzen da, eta ezaugarri hauek izaten ditu: fonemak nahastea eta alderantzikatzea, ispilu idazketa, baldartasun motorra, adierazpen urria, idazteko zailtasunak, agramatismoa, eta beste.
Dislalia: oro har, hizkuntzaz jabetzeko edo mintzaira artikulatzeko nahasmendu orori esaten zaio horrela.
Dislexia ebolutiboa: haur jakin batzuek irakurtzen ikasteko agertzen duten zailtasun espezifikoa, hori azaltzen duen ageriko arrazoi pedagogiko, intelektual edo soziokulturalik egon gabe.
Dislexia fonologikoa: hartutako dislexia zentral mota bat da. Ohikoak eta ezagunak ez diren hitzak edo sasi-hitzak irakurtzeko zailtasuna du bereizgarri; baina nahiko ongi eusten zaio hitz ezagunak irakurtzeko gaitasunari.
Dislexia semantikoa: irakurketa sistemaren nahasmendu mota bat da, biltegi lexiko bisualaren eta sistema semantikoaren arteko loturan dagoen narriadura baten ondoriozkoa. Subjektuak ikusitako hitzak irakurtzen ahalko ditu, lexiko bisualaren eta fonologikoaren arteko loturari esker, baina ezin izanen du horien esanahia berreskuratu.
Dislexia: ohiko irakaskuntza jaso eta adimen eta abagune soziokultural egokiak izan arren irakurtzen ikasteko zailtasunak azaleratzen du nahasmendu hori.
Disortografia: idazketaren nahasmendua. Mintzatutako hitzaren adierazpen ortografiko egokia orokortzeaz arduratzen diren prozesuak automatizatzeko zailtasunak ditu bereizgarri. Ikasle jakin batzuek hitzak osatzen dituzten grafiak zuzen erreproduzitzerakoan agertzen duten zailtasuna da.
Distonia: muskulu uzkurdura luzeak ageri dira muskulu agonista eta antagonistetan (aldi baterako uzkurdura), eta jarrera mantendu eta mugimendu anomalo eta maiz mingarriak sortzen dituzte. Nerbio sistemako lesio baten sintoma edo albo ondorioa izaten ahal da.
Distrofia: nutrizioan eta hazkundean eragina duen egoera patologikoa.
Ekinobaroa: oinaren jarrera; hankaren erdiko lerrorantz jo ohi du, orpoa goratuta eta behatzak beheraka.
Entzefaloa: garezurraren barruan dagoen nerbio sistema zentralaren zatia; honako hauek hartzen ditu barne: garuna, zerebeloa, protuberantzia edo entzefaloaren enborreko zubia, eta bizkarrezur erraboila.
Errehabilitazioa: Pertsona baten edo haren ataletako baten funtzioaren normaltasuna guztiz edo partzialki berrezartzeko prozesua, gaixotasun edo lesio baten ondoren. Galera edo muga funtzionala konpentsatzeko neurriak ere hartzen ditu barne.
Erreumatismoak: ehun konjuntiboaren gaixotasunak; giltzaduretako eta muskuluetako mina, sukarra, larruazaleko erupzioak eta hanturak sortzen dituzte, eta gongoilen tamaina handitu. Ez dakigu zein den gaixotasun horien etiologia, baina badakigu nahasmendu autoimmuneak gertatzen direla; hau da, sistema immuneak edo defentsa sistemak bere organismoaren kontra erreakzionatzen du. Eskola adinean, hauek dira ohikoenak: gaztaroko artritis erreumatoidea (Still-en gaixotasuna), dermatomiositisa eta poliomiositisa.
Eskoliosia: bizkarrezurra albora desitxuratzea, orno gorputzen errotazioarekin batera. Horregatik esan ohi da eskoliosia hiru dimentsioko deformazioa dela.
Espastizitatea: muskuluen hipertonia, jatorri zentralekoa, mugimenduarekiko erresistentzia handituarekin.
Ferula gorputzaren edozein zati immobilizatzeko edo hari eutsi edo heltzeko gailua ortopedikoa.
Gongoil basalak: garunaren bi hemisferioen barruan dauden nukleo gris azpikortikalak. Gorputzaren oinarrizko mugimendu larriak kontrolatzen dituzte.
Gaikuntza: funtzio baten galera edo oztopoa konpentsatzeko neurriak, pertsona hori gai izan dadin jarduera jakin bat gauzatzeko, muga funtzionalak iraun arren.
Gorputz jarrera: muskuluek jarduerarik ez dutenean gorputzak hartzen duen jarrera, bermatuz, edo muskulu askok egonkortasunari eusteko aldi berean egiten duten ekintza koordinatuaren bidez, edo eginen den mugimenduari etengabe egokitzen zaion funtsezko oinarria hartzeko.
Hartutako dislexia: irakurtzen ongi zekiten subjektu jakin batzuek irakurtzeko agertzen duten zailtasun espezifikoa, garunean lesioren bat edo disfuntzioren bat izan eta, hein handiagoan edo txikiagoan, lehendik zituzten trebeziak galdu ondoren.
Hezkuntza inklusioa: eskoletako hezkuntza eta gizarte bizitzan edozein ikasle onartzea, aurrez kategorizaziorik ezarri gabe.
Hidrozefalia: nahasmendu horren ondorioz, garezur gangaren barruan, likido zefalorrakideoaren ezohiko metaketa gertatzen da, eta, eskuarki, presioa handitzen da.
Hipertonia: muskuluen tonua handitzen da, eta luzaketa pasiboarekiko erresistentzia ere handitzen da.
Hipotonia: tentsioa edo tonizitatea txikitzen da, bereziki muskuluena.
Inkoordinazio bisomotorea: ikusmena gorputzaren edo gorputz atalen mugimenduekin koordinatzeko gaitasun eza.
Iriscom: begiaren mugimendu soil batez ordenagailua erabat kontrolatzeko aukera ematen du.
Komunikatzailea: mintzamenik ez dutenei komunikatzeko aukera ematen dien gailu elektroniko eramangarria.
Komunikatzaile elektronikoa: lagungarri tekniko bat, bereziki komunikatzeko diseinatu dena. Eramangarria da eta ez dago elektrizitate sareari lotuta, kargatzen ahal den bateria sistema bati esker. Modelo guztiek ahots irteera digitalizatua eta/edo sintetizatua dute eta, batzuetan, beste irteera modu batzuk ere erabiltzen ahal dira: adibidez, pantaila eta/edo inprimatutako papera.
Kontzeptu taula: teklatua ordezkatzen du. Taularen gainaldean, zenbait txantiloi jartzen dira, taularen programazioei dagozkien letra, zenbaki, irudi eta abarrekin.
Kortex zerebrala: garunaren kanpoko azala, gainjarritako nerbio-zelula eta -zuntzezko geruzez osatua. Zentro sentsitibo-motorrak, sentsorialak, adimen zentroak eta mintzamen zentroak ditu.
Jaiotzetiko: gizabanakoak jaio aurretik enbrioi edo fetu egoeran jasotako ezaugarriak, herentziaz jasotakoak bazter utzirik.
Jarreraren kontrola: gorputzak espazioan zer jarrera hartzen duen kontrolatzea, jarduera jakin bat egiteko gorputzaren eta ingurunearen arteko harreman egokia izanik.
Joystick: ohiko saguaren ordezko gailua; aukera ematen du errazago erabiltzen ahal den gailu batekin programa guztietara sartzeko.
Lekualdaketa: Giza gorputz osoaren mugimendua espazioaren planoetan; haren ondorioz, egonkortasuna ziurtatzeko, etengabe egokitu behar da grabitate zentroa.
Lighwriter: komunikatzeko sistema gisa testutik ahotserako sintesia erabiltzen duen komunikatzailea da. Beraz, erabiltzeko, beharrezkoa da irakurri eta idazten jakitea.
Luxazioa: edozein gorputz atalek normalean duen jarrera eta lekua aldatzea; bereziki, hezur bat bere ohiko artikulazio barrunbetik ateratzea.
Meningozelea: meningeetan sortzen den poltsa formako irtengunea, garunaren nahiz bizkarrezurraren mailan, garezurreko edo bizkarrezurreko jaiotzetiko akats baten ondorioz.
Mielomeningozelea: nerbio sistema zentralaren garapen akats bat, zeinean hernia zaku bat bizkarrezurreko jaiotzetiko akats batean zehar ateratzen baita, bizkarrezur muinaren, meningeen eta likido zefalorrakideoaren zati bat barruan harturik.
Minusbaliotasuna: norbaitek duen desabantaila bat, ingurunearen ezaugarriekin batera gizarte rol bat betetzea eragozten edo galarazten diona.
Minspeak: komunikazio handigarrian erabiltzen den piktograma sistema bat da. Norbait mintzatzeko gai ez bada eta sistema hori harentzat onuragarria izaten ahal bada, “komunikatzaile handigarri” deituko diegu.
Mugikortasuna: giza gorputzaren atalek harmoniaz eta koordinazioz egindako mugimendua, giltzadurek ahalbidetutako askatasun eta zabaltasun maila guztiei dagokienez.
Nistagmusa: begien nahi gabeko mugimendu erritmikoak.
Muskuluen distrofia: gaixotasun hereditarioen multzo horrek mugimendua kontrolatzen duten muskulu eskeletikoen (edo borondatezkoen) ahulezia progresiboa eta narriadura ditu ezaugarri. Gaixotasunaren arabera, adin batean edo bestean agertzen ahal da, eta sintomen larritasuna, kaltetutako muskuluak eta progresioaren abiadura ere desberdinak izaten ahal dira. Duchenne-ren muskulu distrofia da muskulu distrofia ohikoena eta larriena.
Muskuluen tonua: Muskuluak geldi daudenean duten ohiko tentsio gradua.
Muskuluen trofismoa: muskuluaren nutrizio jarduera dinamikoa.
Oin euskarria: Eskolako aulkian lotuta edo lotu gabe egoten ahal den gailua. Oinak ongi bermatzeko eta jarrera ekinoa saihesteko aukera ematen du.
Ordenagailurako karkasa: metakrilato zulatuzko egitura, ordenagailuaren teklatua eredutzat hartuz egina. Teklatuaren gainean jartzen denean, ezin da aldi berean tekla bat baino gehiago sakatu.
Ortesia: hezur deformazio bat, indar deformatzaileak edo gorputzaren formarik eza kontrolatzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko diseinatutako indar sistema.
Osteogenesi inperfektua: ehun kolagenoaren gaixotasun genetikoa. Hezurrak hauskortzen ditu eta, beraz, hezur-hausturak eta -deformazioak eragiten ditu. Muskuluen hiperlaxotasunak eta ahuleziak ondorioak areagotzen ditu.
Plaphoons: desgaitasun motorikoa izan eta hitz eginez komunikatu ezin dutenentzako komunikazio programa bat da. Zuzenean erabiltzen ahal da, baita paperean komunikazio plafoiak editatzeko ere. Oso tresna erabilgarria izan da pertsona horiek irakurtzen eta idazten ikasteko, eta, azken batean, edozein testu prozesadoretan idazteko sistema gisa erabiltzen ahal da (adibidez, Word), baita programa bat baino gehiago kontrolatzeko sistema gisa ere (adibidez, Internet Explorer).
Pertzepzio zinestesikoa: norberaren gorputzaren atalen estimulu sentsitiboen, pisuaren eta mugimenduaren hautemate eta interpretazio kontzientea.
Predwin: Windowserako testu editore bat, hitzak aurresaten dituena.
Protesiak: Falta den gorputz atal bat artifizialki ordezkatzen da, gorputz adar artifizial batekin edo artikulazio osoa ordezkatuz.
Sakagailua: Saguaren egokitzapen bat, ordenagailura ekorketa programa baten bidez sartzeko balio duena. Sagura konektatuta dago.
Sinzinesiak: gorputzaren atal batek nahi gabeko mugimendua egitea gorputzaren beste atal batekin borondatezko mugimendua egiten denean.
Tracball: bola sagu ere esaten zaio. Ohiko sagua ordezkatzen du. Erabilgarria da mugimendu zabalak egin ezin dituzten erabiltzaileentzat.
Traumatismo kranioentzefalikoa: garezurreko edukiaren lesio fisikoa edo narriadura funtzionala; energia mekanikoaren bat-bateko truke batek sortzen du, trafiko edo laneko istripuen, erorketen edo erasoen ondorioz.
Urritasuna: egitura edo funtzio psikologiko, fisiologiko edo anatomiko baten galera edo anormaltasun oro.
Zerebeloa: garezurraren atzeko hobian dagoen entzefalo zatia. Borondatezko muskulu jardueraren koordinazioarekin lotura duten funtzioak betetzen ditu.