EZAUGARRIAK
Curriculum Bereziko Unitatea (CBU) egitura malgua da, eta eratu zen adimen desgaitasun arinarekin edo moderatuarekin loturiko HPBak dituzten ikasleak errazago eskolatu zitezen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arruntetan, Lehen Hezkuntzan eskolaturik egon ondoren.
CBUn eskolatzeak esan nahi du ikasleek badutela denbora bat Pedagogia Terapeutikoko irakasle baten arreta trinkoa jasotzeko oinarrizko gela batean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eratzen duen tokia den aldetik. Orobat esan nahi du ikasleek ikastetxeko jarduera orokorretan parte hartzen dutela eta erreferentziako talde batean aritzen direla halako alor eta/edo irakasgai batzuetan, beren programa berezia garatzen duen curriculum egokitzapen batekin.
IKASLE HARTZAILEAK
Lehen Hezkuntzako etapan ikastetxe arruntetan eskolatuta egon diren eta adimen desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzenduta daude unitate hauek.
Orientatzaileak eginen du CBU batean eskolatzeko proposamena, honako agiri honetan finkatutako irizpide orokorrei jarraikiz:“Ikasleak Curriculum Bereziko Unitateetan sartzeko gida”.
ERREFERENTZIAZKO ARAUDIA
133/1998 Foru Agindua, maiatzaren 8koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ezgaitasun psikiko, zentzumenezko eta mugimenezkoei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arruntetan Oinarrizko Hezkuntzarekin jarrai dezaten eskolatzeko eta laguntza emateko prozedurari buruzko jarraibideak ematen dituena (71. NAO, 1998ko ekainaren 15ekoa).
93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena (93. NAO, 2008ko uztailaren 30ekoa).
ANTOLAKETA
CBUren antolaketa malgua eta zabala izanen da, egoera zehatzei egokitutako eredu ezberdinak onartuz, honako hauek bateragarri egite aldera:
- Pedagogia Terapeutikoko irakaslearen arreta trinkoa jasotzeko denbora bat, eta beste denbora bat egoera arruntetan beste ikasleekin batera parte hartzeko; hori guztia ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera (eskola-ordutegiko 1/3 gutxi gorabehera).
- Talde jakin bat harekin harreman egonkorra eta kohesionatua izateko, egora sozialak bizitzeko eta erreferentziazko taldeekin bizikidetzan jarduteko.
- Curriculum berezi bat, oinarrizko prestakuntza bermatzeko banakako curriculum egokitzapenaren bidez.
Xede nagusia da lehen hezkuntzan integratuta egon den ikasleak horrela jarraitzea bigarren hezkuntzan ere, nahiz eta ez lortu etapa horretako helburu orokorrak.
CURRICULUMA
CBUko ikasleek ez dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma landuko; curriculum berezi baten bidez landuko dute beren prestakuntza, eta lehentasuna emanen zaie gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotutako helburuei eta edukiei. Curriculum proposamen hori lantzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:
- Lehen Hezkuntzako etapako curriculumaren oinarrizko helburuak, edukiak eta gaitasunak, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburu orokorrak ere, ikaslearen gaitasunetara, interesetara eta motibazioetara behar bezala egokituta, betiere.
- Hezkuntza Bereziko ikastetxeendako erreferentziazko curriculuma.
EBALUAZIOA ETA MAILAZ IGOTZEA
Pedagogia terapeutikoko irakasleek koordinatuko dute ikasle hauen ebaluazio prozesua (hain zuzen ere, haiek dira ikasle hauen tutore), ikasle bakoitzaren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan esku hartzen duten irakasleekin koordinatuta.
Hiru hilean behin, ikaslearen prozesuaren berri emanen die tutoreak familiei, idatziz. Eskolatze urte bakoitza amaitutakoan, tutoreak laburpen txosten bat eginen du ikasleak ikasturtean zehar izandako aurrerapenari buruz.
Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko eskolatzea amaitutakoan, Oinarrizko Hezkuntzan ikasleak izandako lorpenen balorazio orokorra eginen du tutoreak, eta amaierako ebaluaziotzat joko da.
Oinarrizko Hezkuntza bukatutakoan, ikasle horiek beren prestakuntzarekin jarraitzen ahalko dute Lanbide Heziketa Bereziko Zikloetan (LHBZ).