Nafarroak hezkuntzako transferentziak jaso eta hiru urtera, martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretuak Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa sortu zuen, Nafarroako Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendekoa.
Foru Dekretu hartan, 1990eko urriaren 3ko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Lege Organikoak (LOGSE) eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko aurrerapen eta adierazpenek sustatutako integrazioa sustatzen zuten, eta, bertan, normalizazioa osagarritasun- eta subsidiariotasun-printzipioetan gauzatu zen.
Horren bidez, sustatu nahi izan zen baliabide orokorrek erantzutea ikasleen premiei, zerbitzu espezializatuen gaikuntza-laguntza (eta ez-ordezkoa) eskuragarri izanik.
Harrezkero, printzipio horiek gidatu dute Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (NHBBZ) bilakaera, eta aniztasunaren esparruan erreferentzia teknikoa den erakunde bihurtu da. Hori dela eta, aholkularitza eta kalitatezko erantzunak eman behar dizkie ikastetxeei, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta egokia eman diezaieten.
2006. urtean, araudia aldatu zen hezkuntzan, Estatuan, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa (LOE) onartu eta argitaratu zenean, eta nazioartean, New Yorken, Nazio Batuek Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zuenean (2006ko abenduaren 13koa, Espainiako ordenamendu juridikoan berretsia, 2008ko apirilaren 21eko 96. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren). Besteak beste, inklusioaren printzipioa, hezkuntzaren kalitatea, ekitatea, diskriminaziorik eza eta malgutasuna lantzen dira ikasleen gaitasunen, interesen, itxaropenen eta premien aniztasunera egokitzeko hezkuntza. Horrek eraman zuen hezkuntza sistema erronka berriei aurre egitera, eta NHBBZk, aniztasunari erantzutearen esparruan erreferentziako erakundea izanik, ezin zuen alde batera utzi ikastetxeak ikastetxe gero eta inklusiboago bihurtzeko asmoa, erakundearen eginkizunak landuz.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zen, eta aldaketa horrek hezkuntza inklusiboaren arloko funtsezko alderdiei eragin zien. Ekitatea kualitate bat da, pertsona orok aukera berdintasuna izanen duela bermatzen duena, nortasuna erabat garatzeko. Halaber, desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzen ditu, eta arreta berezia jartzen die edozein desgaitasun motaren ondoriozkoei. Aniztasunari erantzutea oinarrizko irakaskuntza gidatu behar duen funtsezko printzipiotzat dago ezarrita, ikasle guztiei haien ezaugarri eta premia berezietara egokitutako hezkuntza emateko helburuarekin.
Lege organiko berrian sartutako aldaketek indartu egiten dute familien rola hautatzeko orduan beren seme-alabentzat inklusiboena dela irizten dioten eskolatze erregimena, eta helburutzat ezartzen dute hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak erregimen inklusiboenean sartzea edo hartan geratzea lortzea. Era berean, funtsezkotzat jotzen da aldaketa horietan baliabide pertsonal eta material egokiez hornitzea eta ezartzen da ikasle horien ebaluazio erreferentziak egokitzapenetan sartutakoak izanen direla, eta horrek ez diela zikloa edo etapa igarotzea galaraziko. Erreferente horietan sartuko dira ikasleen indarguneak eta ikasleek aurre egin beharreko oztopoak.
Normalizazio eta inklusio bide berri horretan, hezkuntza sistemaren premiei ematen dien erantzuna eguneratu behar du NHEBZk eta, era berean, Hezkuntza Departamentuaren laguntza teknikorako zentro gisa finkatu, ikasle guztien inklusioa sendotzen duten jarraibideak, protokoloak eta programak aplikatzeko. Eta, bereziki, sarbidea, presentzia, parte-hartzea edo ikaskuntza mugatzen duten oztopoei aurre egiteko hezkuntza-premia bereziak dituztenena.
2023: Horrela, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentro (NHEBZ) berriarekin egitura espezializatu bat eratu nahi da, hezkuntza komunitateari (familiak, zuzendaritza taldeak eta ikasleen arretan parte hartzen duten profesional guztiak) babesa emateko, akonpainamendua egiteko eta harekin elkarlanean aritzeko. Hori dela eta, normalizazio eta inklusio printzipioak errespetatuz, haren esku hartzea osagarria eta subsidiarioa izanen da ikastetxeko baliabide arruntek eman dezaketenari dagokionez, eta, kasu guztietan, haien autonomia indartu eta trebatzera bideratua egonen da, haien lekuan jarri edo ordeztu gabe.
NUESTRO TRABAJO POR PROGRAMAS:
Vídeos extraídos del canal YouTube de la Cátedra Aprender-Ikasi Fundación Caja Navarra