Arreta goiztiarra da 0-6 urte bitarteko haurrei eta horien familiei eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoa, beren garapenean trastornoak edo horiek izateko arriskua duten haurren unean-uneko premiei eta premia iraunkorrei ahalik eta erantzun azkarrena emateko (libro blanco de atención temprana, Madril, 2000).
Hezkuntzaren ikuspegitik, bi hezkuntza ziklotan banatzen da adin tarte hori. Lehena hiru urteko adinera bitartekoa da, eta bigarrena hiru urtetik seira bitartekoa.
- Nafarroan, toki erakundeen (udalen) eta Gizarte Politiketako Departamentuaren mendeko haur eskola publikoek heltzen diote lehen zikloari (0-3 urte bitartekoa). NHEBZko Arreta Goiztiarreko Taldeak haur eskoletan esku hartzen du, garapenaren nahasmenduak dituzten edo horren arriskuan dauden haurrekin.
- Ikastetxe publikoek eta itunpekoek heltzen diote bigarren zikloari (3-6 urte bitartekoa). Doakoa da eskolatzea, ieta kasle guztientzat. Hezkuntza sistemako zerbitzu arruntek eta osagarriek ematen diete arreta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleei.
Hezkuntza Departamentuaren helburua da goiz identifikatzea hezkuntza premia bereziak, baliabide egokiak erabiltzea premia horiek dituzten ikasleei arreta osoa emateko, eta lan horretan, normalizazioaren eta inklusioaren printzipioak betetzea.
Gaur egun, haurraren ingurunean egiten diren esku-hartzeak indartzeko premia nabarmentzen dute arreta goiztiarra emateko esku-hartze proposamenek. Familiak berebiziko garrantzia du ingurune horretan, baita hezkuntzaren lehen etapek ere, batik bat, Haur Eskolak eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloak.
Haur Hezkuntzaren berezko ezaugarriek ikaskuntza laguntzen eta indartzen dute, eta oso baliagarriak dira arreta goiztiarraren helburu asko lortzeko. Haur eskolak hezitzaile dira, eta aukerak ematen ditu haurrarengan zenbait trebetasun indartzeko, hala nola komunikazioa eta harreman sozialak, haren ingurune naturalean txertatzen laguntzen baitio.
Ohiko tratamendu anbulatorioan erabiltzen diren baino proposamen aktiboagoak eta parte-hartzaileagoak erabiltzeko aukera ematen du Haur Eskolak. Testuinguru naturalagoa zaio haurrari; gainera, imitazioaren bidezko ikaskuntza oso garrantzitsua da testuinguru horretan. Horregatik guztiagatik, baliabide horiek erabiltzearen alde egiten da gaur egun, kalitatezko osagai bat gehiago izan daitezen arreta goiztiarreko esku-hartzeetan.
Berariazko premiak dituzten haurrek Haur Hezkuntzak eskaintzen duen ingurunearen aberastasuna bere eginen badute, haurra haur eskoletan txertatzeko ahalegina egin behar da eta gaitasuna sortu behar da ingurune natural horretako profesionalen artean, haien hezkuntza premiei arreta emateko.