Taldearen helburua:
Mugimendu-desgaitasunari (lesioa, nahasmendua edo mugimendu-atzerapena) lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzak eman beharreko erantzuna optimizatzea.
Taldearen osaera:
Taldean hiru lanbide profil hauek daude: irakasle espezialista Pedagogia Terapeutikoan eta Entzumena eta Hizkuntzan; orientatzailea; eta fisioterapeuta. Taldekide batzuk euskaldunak dira, D hizkuntza ereduan esku hartzeko gaitasuna dutenak.
Esku-hartzea:
Ikastetxeen lana modu osagarrian eta subsidiarioki osatzen dute batik bat, ikastetxe horietako orientatzaileak hala eskaturik.
Taldeak arreta zuzena eta zeharkakoa ematen die Nafarroan eskolatutako ikasleei, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik unibertsitatekoa ez den derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntza bitartean.
a) Zuzena
Mugimendu-desgaitasuna duten ikasleek esku-hartze fisioterapeutikoa izan dezakete. Hala bada, Osasun eta Hezkuntza departamentuetako profesionalek osatutako batzorde misto batek zehaztuko du ikastetxean berean nola gauzatu esku-hartze zuzen eta sistematiko hori eta esku-hartzearen aldizkakotasuna.
Kasuak Batzordeari adierazteko bi bide daude:
- Osasun Departamentua: zailtasunak diagnostikatu dituen medikuak erabakiko du pazientea Errehabilitazio Zerbitzura bideratzen duenetz, esleitutako langileek balorazioa eman dezaten, egokitzat joz gero.
- Hezkuntza Departamentua: ikastetxeko orientatzaileak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari (NHBBZ) adieraziko dizkio mugimendu-desgaitasuna izan eta esku-hartze hori izan dezaketen ikasleen gaineko informazioa eta premiak.
b) Zeharkakoa
Taldeko profesionalek era aktibo eta jarraituan parte hartzen dute, informazioa eta aholkua emanez ikastetxeetako profesionalei, familiei eta ikasleei.
Horretarako, eskaera Taldeari egin behar zaio. Egitekoak eskari-motaren arabera banatuko dira. Adibidez:
- Oztopo arkitektonikoen balorazioa eta haiek ezabatzeko beharrezkoak diren kudeaketetan lankidetzan aritzea.
- Altzariak eta berariazko materialak baloratzea.
- Sarbide Egokitzapenen gaineko balorazioa eta aholkularitza (teknologia berrien taldearekin elkarlanean): aplikazio informatikoak, komunikazioko sistema alternatiboak/handigarriak (KSAA)…
- Ikasleen eskola erabilerarako laguntza teknikoak eta materialak prestatu eta egokitzea.
- Aholkua ematea eta elkarlanean aritzea mugimendu-zailtasun adierazgarriak dituzten ikasleen hezkuntza prozesuaren optimizazioan.
- Desgaitasun fisikoarekin lotutako entitate eta erakundeen lankidetza.