GNS10 (hamargarren edizioa) sailkapenean jasotako definizioa
Deskribapen klinikoak eta diagnostikoa egiteko jarraibideak jasotzen ditu. Honela definitzen ditu garapenaren nahasmendu orokorrak: “elkarreragin sozialean eta komunikazio moduetan gertatzen diren nahasmendu kualitatiboak, besteak beste interes eta jarduera multzo errepikakor, estereotipatu eta mugatua eragiten dutenak”.
DSM-4sailkapenaren definizioa
Garapenaren Nahasmendu Orokorraren esparruan sailkatzen zuen autismoaren espektroa. “Garapenaren nahasmendu orokorrek asaldura larria eta orokorra ekartzen dute garapenaren zenbait arlotan, hala nola elkarreragin sozialerako trebetasunetan eta komunikaziorako trebetasunetan, eta portaera, interes eta jarduera estereotipatuak eragite dituzte”.
DSM-5 sailkapenaren definizioa
Neurogarapenaren nahasmenduen artean sartzen du Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN), hasiera garapen aldian duten eritasunen taldean, zehazki.
DSM-5 sailkapenaren arabera, honako hauek dira autismoaren espektroko nahasmenduaren ezaugarriak:
- Urritasun iraunkorrak komunikazio eta elkarreragin sozialean, hainbat testuingurutan, gabeziak barnean direla elkarrekikotasun sozialean, elkarreragin sozialerako erabiltzen diren eta hitzezkoak ez diren komunikazio jokabideetan eta harremanak sortzeko, izateko eta ulertzeko gaitasunetan”.
- Elkarrekikotasun emozionaleko urritasunak maila desberdinetakoak izaten ahal dira, ezohiko hurbiltze sozialetik eta ohiko elkarrizketaren porrotetik haste, elkarreragin sozialak hasteko eta haiei erantzuteko gaitasun ezeraino, interes, emozio edo afektu partekatuak bidean izanda.
- Elkarreragin sozialerako erabiltzen diren eta hitzezkoak ez diren komunikazio portaeren alorreko urritasunak ere zenbait mailatakoak izaten ahal dira, gutxi integratutako komunikaziotik haste. Kasu larriagoetan anomaliak ageri dira ikusizko kontaktuan eta gorputz hizkuntzan, edo urritasunak keinuen ulermen eta erabileran. Larrienetan, erabateko gabezia gerta daiteke aurpegiko adierazpenean eta hitzik gabeko komunikazioan.
- Harremanak sortzeko, izateko eta ulertzeko zailtasunak ere hainbat mailatakoak izaten ahal dira: batzuek zailtasuna dituzte zenbait testuinguru sozialetan portaera egokitzeko, beste batzuek zailtasunak dituzte irudimenezko jolasak partekatzeko eta beste batzuek zailtasunak dituzte lagunak egiteko, edo ez dute inolako interesik gainerako pertsonekiko.
- Portaera, interes edo jarduera eredu mugatuak eta errepikakorrak, puntu hauetako bitan edo gehiagotan adierazten direnak, gaur egun edo aurrekoetan.
- Mugimendu, objektuen erabilera edo hizkera estereotipatua edo errepikakorra (adibidez, esterotipia motor sinpleak, jostailuak lerroan jartzea edo objektuak lekuz aldatzea, ekolalia, esaldi idiosinkratikoak).
- Monotonia behar izatea, hitzezko eta ez hitzezko portaeraren errutina edo eredu erritualizatuak aldatzeko malgutasun eza (adibidez, larritasun handia aldaketa txikien aurrean, pentsamolde eredu zurrunak, agurtzeko erritualak, egunero bide beretik joateko edo jaki berak jateko beharra).
- Interes oso zurrunak eta finkoak, ohiz kanpokoak intentsitateagatik edo interesaren guneagatik (adibidez, ohiz kanpoko objektuekiko lotura sendoa edo kezka, interes mugatuegiak edo errepikakorregiak).
- Estimulu sentsorialekiko hiper edo hipoerreaktibotasuna edo inguruko alderdi sentsorialekiko ohiz kanpoko interesa (adibidez, itxurazko axolagabetasuna minaren edo tenperaturaren aurrean, erantzun txarra soinu edo testura jakin batzuekiko, objektuak gehiegi usaintzea edo eskuztatzea, argiekin edo mugimenduarekin liluratuta gelditzea).
- Sintoma horiek garapenaren lehen faseetan egon behar dute (baina gertatzen ahal da erabat ez agertzea eskari sozialak mugatutako gaitasunak gainditu arte).
- Sintomek narriadura klinikoki esanguratsua dakarte arlo sozialean, lanekoan edo ohiko funtzionamenduarekin lotutako beste arlo garrantzitsu batzuetan.
- Asaldura horiek ez dira hobeki azaltzen desgaitasun intelektuala edo garapeneko atzerapen orokorra oinarri hartuta.
DSM-5en sailkapen berri honetan, diagnostiko deskriptiboagoa egiten da, diagnostikoaren unean larritasunaren zehaztapenak erabiliz.
- Defizit intelektual lotuarekin edo gabe.
- Hizkuntzaren narriadura lotuarekin edo gabe.
- Gaitz mediko edo genetiko bati lotuta.
- Neurogarapenaren beste nahasmendu batekin edo nahasmendu mental edo portaerazko batekin lotuta.
Narriadura funtzionala etapa batean edo bestean izango da agerikoa, banakoaren ezaugarrien eta haren inguruaren, autismo gaitzaren larritasunaren, garapen mailaren eta adin kronologikoaren arabera; horregatik erabiltzen dugu espektro hitza.