Ez da erraza gaitasun handiak dituzten ikasle guztiei aplikatzeko moduko ezaugarri orokorrak ezartzea. Besteak beste, zernahi aldagai dagoelako, hala nola, testuingurua, adina, sexua… eta horiek hein handi batean ezaugarrien deskribapena baldintzatuko dutelako.
Hala ere, ikasle horiek oso talde heterogeneoa osatzen dutela onartu arren, izan badira hezkuntza-esanahia duten zenbait ezaugarri edo bereizgarri zehaztaile dituzten ikasle horiek, gainerako ikasleengandik bereizten dituztenak, alegia. Bereizgarri horiek haien adimen gaitasunekin eta gaitasun horiek kudeatzeko moduarekin dute zerikusia.
Hartara, Jimenez Fernandezen sailkapenaren arabera (2000), ikasle hauen ezaugarri nagusiak deskribatuko ditugu, hiru ardatz hauen inguruan:
- Kognizioa
- Nortasuna
- Sormena
Kognizioaren ezaugarriak
- Pentsamendu bikaina dute: haien adimena eraginkorragoa eta praktikoagoa da.
- Sinboloak erabiltzeko gaitasun handia dute. Trebetasun eta prozedura mekanikoak automatizatzeko erraztasun handiagoa dute. Hori dela-eta, oso gazte eta oso azkar ikasten dute irakurtzen eta idazten. Zenbakizko kontzeptu eta sinboloak aski ongi menderatzen dituzte.
- Problemak buruz ebazteko trebetasun handiagoa dute, problema horiek ebazteko behar diren eragiketa aritmetikoak ikasi gabe ere.
- Heldutasunaren garapen goiztiar eta handia dute komunikazio eta hizkuntza trebetasunetan. Beren adinerako ohikoak ez diren adierazpen eta baliabide linguistikoak eta hiztegi zabala dituzte.
- Oroimen ona eta informazioa artxibatu eta prozesatzeko gaitasun zabala eta azkarra dute. Askotariko gaien inguruko ezagutzak dituzte eta ezagutza horiek handiak izanen dira baldin eta gaia beren interesekoa bada.
- Ulermen- eta orokortze-maila handiak. Kontzeptuak lotzeko eta elkarren artean erlazionatzeko erraztasun handiagoa.
- Sinboloak eta ideia abastraktoak doitasunez erabiltzen dituzte. Sakontasun-maila handietan ikasten dute.
- Kontzentratzeko eta arreta jartzeko gaitasuna (handiagoa izanen da baldin eta gaia beren interesekoa bada).
- Iraunkortasuna lanean, lanek adimen aldetiko erronka eskatzen dutenean.
- Ezagutzak eskuratzeak erakartzen ditu. Ikertu behar dute. Zernahi gairen gaineko jakin-mina dute eta, horregatik, galdera mota asko egiten dituzte.
Ezaugarri metakognitiboak
Metakognizioa, kognizio prozesuen gaineko ezagutza modura ulertuta, hots, ezagutzaren beraren gaineko ezagutza eta kontrol modura.
- Metamemoria. Azkarragoak dira sakoneko edo epe luzeko oroimeneko informazioa biltegiratzen eta berreskuratzen. Azkar eta erraz gogoratzen dituzte gauzak, informazioa berreskuratzeko estrategia gehiago dituztelako.
- Arazoak konpontzen eraginkorrak dira. Estrategiarik egokienak hautatzen dituzte, hain eraginkorrak ez direnak baztertzen dituzte, behar duten informazioa ezagutzen dute eta problema ebazteko ez duten eta behar duten informazioa bilatzen dute.
- Autoerregulazio aktiboa eta autoerregulazio kontzientea. Kognizio prozesuen ezagutza eta jokabidearen plangintza edo erregulazioa zailtasun ertaineko edo ertain-altuko ikaskuntza atazetan.
- Zuhurragoak eta ez hain oldarkorrak izaten dira.
Motibazioaren eta nortasunaren ezaugarriak
Sentimenduei, jarrerei eta nortasunaren beste bereizgarri batzuei dagozkie eta horiek guztiek ezagutzaren funtzioekin erlazio handia dute, eta ikasle hauetan adin bereko beste ikasle batzuetan baino indar eta maiztasun handiagoz ematen dira. Silvermanek (1993) uste du haur superdotatuek desberdin pentsatzeaz gainera desberdin sentitzen dutela.
Ezaugarri horietan eragina izanen dute ikasleen adinak, generoak, kulturak eta maila sozialak.
- Autokontzeptua lehenago garatzen dute. Oro har, autokontzeptu hori positiboa da, baina desberdintasunean zentratutakoa izan daiteke.
- Autoestimu handia.
- Motibazio handia, bereziki intrinsekoa.
- Pertseberantzia, irmotasuna eta iraunkortasuna helburuak eta xedeak bilatzerakoan.
- Perfekzionismoa.
- Umore landua, sarkasmoa eta ironia erabiltzen dituzte eta batzuetan bere adinkideek zailtasunak dituzte ulertzeko.
- Batzuetan ezin dituzte bere gaitasunak erakutsi beldur direlako ikaskideek baztertuko dituztela. Hori gertatzen da batez ere emakumezkoekin eta, eskuarki, zenbait adinetako ikasleekin.
- Goi mailako jomuga, zentzu morala eta arrazoitze etikoa, justizia ulertzeko zentzua.
- Besteen ikusmoldeak bereganatzeko gaitasuna. Besteen beharren aurreko sentikortasuna eta bidegabekeria gutxi toleratzea.
- Gizarte harremanarekin gozatzea. Besteen gainean eragiteko eta taldeko jarduerak gidatzeko joera. Lidergo gaitasun handia.
- Ausardia eta ekimena. Erabakiak hartzeko gaitasuna.
Sormenarekin loturiko ezaugarriak
Sormena edo pentsamendu dibergentea ikasle hauengan oso garrantzitsua da. Honako hauetan agertzen da:
- Pentsamenduaren independentzia, desadostasunerako joerarekin. Ideiak aurkitzeko bultzada naturala.
- Pentsamendu holistikoa, pentsamendu horren zatiak gero ulertzeko.
- Arlo edo egoera batetik edo bestetik abiaturik lan egiteko erraztasuna. Orokortzerako gaitasun handia.
- Ekimenerako gaitasuna.
- Gauza anitzen gaineko jakin-min handia.
- Irudimena eta fantasia.
- Ohikoak ez bezalako iritziak agertzea.
- Problemak sormena erabiliz ebaztea, baliabide eta material amankomunak erabiliz.