Uste dute potentzial modura hartutako adimen gaitasun handia beharrezko ezaugarria dela baina ez nahikoa goi mailako errendimendurako, eta pertsonari beste baldintza gehigarri batzuk gehitzen dizkiote, hala nola, sormena edo motibazioa; esan daiteke ezaugarri horien guztien baterako funtzionamenduaren araberakoa dela errendimendu handia.
Egile adierazgarriak eta haien ekarpenak
Renzulli (1978). Eredu triadikoa edo hiru eraztunekoa
- Superdotazioa hiru ezaugarri pertsonalen arteko bidegurutzean kokatzen du (ezaugarri horiek grafikoki hiru eraztunetan irudikatzen ditu).
- Batez bestekotik goragoko trebetasuna, adimen-maila handia.
- Lanarekiko konpromisoa, lorpenaren motibazio handia eta lanean iraunkorra izatea.
- Sormen handia.
- Haur superdotatu eta/edo talentudun haurtzat hartzen dira bereizgarri-multzo hau dutenak edo garatzeko gai direnak eta baliozkoa izaten ahal den edozein arlotan aplikatzeko gai direnak.
- Motibazioa sartzea da teoria honen alderdirik berritzaileena.
Gagné (1991). Superdotazioaren eta talentuaren eredu diferentziala
- Superdotazioa giza gaitasunaren eremu batean edo gehiagotan dagoen gaitasun handia da: adimenekoa, sozioafektiboa, sortzailea eta zentzumen-motorrekoa.
- Talentua giza jardueraren eremu batean edo gehiagotan batez besteko mailatik oso gora dagoen errendimendua da: akademikoa, artistikoa, teknikoa, pertsona barnekoa, atletikoa.